Itoiz taldeari buruzko ikus-entzunezko bat egiteko material bila

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 17a, 16:49

Hamabi urtez, makina bat kontzertu eskaini zituen Itoizek. Argazkia: Doxa Producciones.

Itoizi buruzko luzemetraia bat prestatzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea. Ikus-entzunezko hori osatze aldera, musika talde horrekin lotura duen material bila ari dira: kontzertuetako argazkiak, artikukuak, bideoak, grabazioak... Lasarteoriatarren batek horrelakorik izango balu, harremanetan jar liteke ekoiztetxearekin, archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikora idatzita.

Doxa Produccioneseko kideek zehaztu dutenez, material hori profesionalek edo afizionatuek egina izan liteke, kalitate handiagokoa edo txikiagokoa. "Badakigu Itoizek jarraitzaile ugari izan zituela sortu zenetik, eta litekeena dela norbanakoek inoiz argitaratua izan ez den materiala izatea haien etxeetan". 

1976. urtean hasi zen Itoizen ibilbidea, eta 1988ra arte luzatu. Hori baino lehen, Indar Trabes izenpean ere eskaini zituzten zenbait kontzertu. Garai horretako argazki, bideo, grabazio eta bestelakoak ere gustura jasoko ditu ekoiztetxeak.