Hernaniko seven taldea, ederki Gernikan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 17a, 10:00
Paola Vega herritarra, Ordiziako jokalari batekin lehian. Arg.: Gotzon Zuzaeta.

Euskal Ligako seven txapelketako hirugarren topaketa egin zen Gernikako Urbieta zelaian, larunbatean. Hernaniko taldeak bi partida irabazi eta bana berdindu eta galdu zituen

Paola Vega herritarra kide duen Hernani Errugbi klubak seven mailako hirugarren jardunaldia jokatu zuen Gernikan. Hiruko berri honetan, Ordizia RT izan zuen aurrez aurre, baita denboraldi honetan estreinakoz jokatzen zen Gernika RT taldea ere. 

Vega ez zen Urbieta zelaian egon zen herritar bakarra izan, Jon Ibisate ere bertan izan  baitzen partidetako batzuetan epaile lanak eginez.

Hiruko honetan taldeek bina partida jokatu zituzten aurkarien aurka. Lehen partida multzoan Hernanik bi garaipen erdietsi zituen: Hernani CRE 33–10 Ordizia RT eta Gernika RT 12–20 Hernani CRE.

Hirugarren partidan ozta-ozta galdu zuen Ordiziaren aurka, 22-24 eta azkenekoan, berriz, zazpina berdin zuen Gernikarekin.

Emaitza horiekin aurreko jardunalditik aurrerapenak izan dituela erakutsi zuen Hernaniko taldeak. Orduan, esate baterako, Ordiziak 19-28 irabazi zion Hernaniko taldeari.

Garaipenaren bila

Bestalde, Ohorezko B mailako Gesalaga Okelan Zarautz taldeak hamaikagarren jardunaldiari egingo dio aurre, Asti zelaian. Valtesca Universitario Bilbao rugby taldea izango du aurkari.

Otsailaren 6an, Pasek Belenos taldearen aurka lortutako garaipenak, 18-10, taldearen azken bederatzi partidetako joera moztu zuen eta horri eutsi nahi dio taldeak. Orduan, Zarautzek talde gaztea aurkeztu zuen, Jokin Beloki eta Beñat Arroyo herritarrak horien artean, eta egoerak eskatzen zuen maila emateko gai direla erakutsi zuten.