Añorga KKEk Real Sociedad B garaitu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 16a, 14:15
Izaskun San Anizeto Real Sociedad Bko defentsarekin borrokan. Arg.: Conchi Sanchez Frail.

Bi asteko atsedena ongi etorri zaio Nazional mailako Añorga KKE taldeari. Partida zaila zuen larunbatean, Rezola zelaian. Denboraldi honetan partidarik galdu ez duen Real Sociedad B taldearen aurka jokatu behar zuen Javi Solchaga herritarrak zuzentzen duen taldeak. Aurrekari modura lehen itzuliko partida zuten. Orduan Realak 4-1 irabazi zuen; oraingoan, ordea, egoera aldatu da. Añorgak ederki egin zion aurre talde txuri-urdinari eta 3-0 garaitu zuen

Izaskun San Anizeto eta Ainara del Olmo herritarrak Añorgako kide guztiekin batera indartsu hasi zuten partida. Reala ez zen atzean geratu. Bi taldeek markagailuan aurreratu nahi zuten. 

Bi taldeek aukera garbiak izan arren, 34. minutuan, Añorgak puskatu zuen husnako berdinketa. Alboko sake baten ostean, baloia Sara Lombarderoren oinetara iritsi eta areaz kanpoko jaurtiketa eginez Realeko defentsa eta atezaina gainditu zituen.

41. minutuan, bigarren gola egin zuen Añorgako taldeak. Izaskun San Anizeto herritarrak Malen Urangaren pase jaso zuen area barruan eta atezainaren aurrean bakarrik ez zuen hutsik egin. Atsedenaldia baino lehen ere beste aukera garbia izan zuen San Anizeto herritarrak, baina oraingoan balia ez zen sarean sartu.

Izaskun San Anizeto, erdian, eta Ainara del Olmo, ezkerretan, San Anizetoren gola ospatzen. Arg.: Conchi Sanchez Frail.

Bigarren zatian, Reala gogoz atera zen tartea murriztera. Añorgak, berriz, partida erabakitzat eman nahi zuen hirugarren gola eginez. 

Talde txuri-urdinak eraso ugari egin zituen eta presio handia jaso zuten Añorgako defentsek. Ainara del Olmok min hartu zuen ezkerreko hankan eta 65. minutuan lasarteoriatarrak zelaia utzi zuen. Ez zen bakarra izan, berarekin batera Izaskun San Anizeto ere aldatu baitzuen Solchagak.

Bi taldeak arerioaren areara iristen saiatu ziren baina jokoa zelai erdian kateatua zirudien. 77. minutuan, Añorgak bidea egin zuen eta korner batean, Aiora Echeburuak buruz egin zuen hirugarrena

Hirugarren gol horrek partida lasaituko zuela zirudien arren, bi taldeek ez zuten atsedenik hartu eta arerioaren ate aurrera iritsi ziren behin baino gehiagotan. Defentsek edo atezainek, ordea, aukerak zapuztu zituzten. Eta azken txistua jotzearekin batera, Añorgako jokalariak pozarren ziren egindako partidarekin. Hiru puntuak irabazteaz gain, aurten Real Sociedad Bk zuen menderaezintasuna gainditu baitzuen.

Lehen fasea amaitzear
Irabazitako puntuei esker, Añorga KKEk bigarren postuan jarraitzen du 22 punturekin eta Reala eta bere arteko tartea murriztu du.

Hala ere, Añorgak ezin du atseden hartu. Nazional B mailako multzoko fasea amaitzeko hiru jardunaldi geratzen dira  eta San Ignacio eta Bizkerre talde bizkaitarrak gertu ditu, 21 eta 20 puntu, hurrenez hurren.

Aste honetan, atsedena izango du Javi Solchagak zuzentzen duen taldeak. Otsailaren 28ko jardunaldian, ordea, taldeko bigarren izateko bidean beste partida garrantzitsua jokatu beharko du Añorgak.  San Ignacio izango du aurrez aurre.