Ostadar SKTko atletek, bi urrezko domina poltsara

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 15a, 13:30
Naroa Furundarena, jauzi hirukoitzeko podiumean. Arg.: RFEA

Ostadar Atletismoko atletak bikain lehiatu dira asteburuan. Naroa Furundarenak 23 urte azpiko Espainiako txapelketan jauzi hirukoitzeko txapela jantzi zuen bere marka onduz; Maider Rekondo, berriz, Euskadiko lehena izan zen disko-jaurtiketan

Ostadar Atletismoko kideek lehiaketaz betetako asteburua izan dute. 23 urte azpiko Espainiako txapelketa, Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketa eta marken kontrol proba izan dituzte. Bi lehenetan urrezko domina bana eskuratu dituzte.
 
Naroa Furundarenak bi probatan parte hartu zuen Valentzian antolatu zen 23 urte azpiko txapelketan: jauzi hirukoitza eta luzera-jauzian. Bietan bere onena eman zuen eta jauzi hirukoitzean lortu zuen emaitzarik onena, urrezko domina. Proba horretan 12,63 metrotako jauzia egin zuen bere marka pertsonala  bost zentimetroetan hobetuz. Luzera-jauzian, berriz, laugarren izan zen bere marka onenetik gertu, 5,71 m.
 
Asteburuko beste berri ona Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketan sortu zen, Iruñean. Maider Rekondok disko-jaurtiketako proba irabazi zuen, 41,70 metroko jaurtiketa egin ostean. Ohiana Igarrizek ere proba berean parte hartu zuen eta laugaren postuan amaitu zuen bere marka pertsonala onduz, 32,94 m.
 
Bestalde, Donostian, marken kontrol proba berria izan zuten eta aipatzekoak dira 60 m. proban Alex Alkainek (7"80),  Unax Riezuk (8"03)  eta Enara Gonzalezek (8"30) egindako markak.