Bide luzearen ostean, 1986ko otsailean lasarteoriatarren aspaldidaniko nahia bete zen, herri independentea izatea. Egun hori gogoratu eta herriaren urteurrena ospatzeko asmoz, otsailaren 15ean, astelehenarekin, Lasarte-Oriako bandera udaletxe zaharreko balkoian jarriko da.
Nahiz eta 1867an lehen pausoak eman, 1975ra arte ez zen independentziaren alde lan egingo zuen lehen gestora sortu.
1982an, Lasarteko Udala osatzearen alde agertu zen Foru Aldundia, eta gauzatzen ari ziren espedientea "lehenbailehen" amaitzea eskatu zuten.
1985. urte amaieran, berriz, Urnietako, Hernaniko eta Andoaingo Udalbatzarrek Lasarte-Oriaren desanexioa adostu zuten, eta, 1986ko otsailaren 15ean, Brigitarren komentuko kaperan, udal berriaren lehen urratsak zuzenduko zituen Batzorde Kudeatzailea eratzeko bilkura egin zen. PSE, EAJ, HB eta EE alderdietako kideek osatu zuten, Ana Urchueguia PSEko zinegotzia buru zutela.