Izan iñurri proiektua minbizia zuzenean edo zeharka jasan duten pertsonei laguntzeko asmoz sortu zuten Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok, Ione Zabalak lagunduta. Jardunean jabetu dira gaitzari lotutako zenbait gairi buruz ez dela hitz egiten, tabu bilakatzen direla: titia galtzea, ilea, dolua, heriotza... Haiei buruz haurrekin nahiz helduekin mintzatzea erraztuko zuen materiala sortzea erabaki zuten eta mandatu huraxe egin zioten Intza Alkaini eta Janire Arroyori.
Baiezkoa jaso zuten erantzun, batetik, biek elkarrekin lan egiteko gogoa zutelako, baina aurrez ez dute inoiz tarterik topatu; eta bestetik, proposamena egiteko moduagatik. "Beraiek gaia planteatu ziguten", gogoratu du Alkainek, "galerari buruz hausnartzea nahi zutela, baina ez ziguten mezua planteatu". Bertsolarien moduan ikusi zituzten euren buruak, gaia jarrita, nahi bezala sortzen. "Kristoren oparia", Arroyoren esanetan.
Gai "sakon eta ireki" horretatik liburu ilustratu bat atera dute. Argi zuten ez zutela hezitzailea edo terapeutikoa egin nahi; haurrei "gozagarri" izango zitzaien kontakizun bat eskaini, baizik; mezuan beharrean, istorioan arreta jarrita. Horregatik, zaila egiten zaie zein adinetarako den zehaztea. Edonork irakurtzeko modukoa dela diote, galerarekin izandako harremanaren arabera bakoitzak era bateko edo besteko irakurketa egingo baitu. "Irekia da", proposamena bezala.
Amona eta biloba baten arteko istorioak josten du galera motei buruzko katalogo modukoa. Irudiek eta hitzek "elkarrizketa bat" eduki behar zutenez, prozesu osoa elkarrekin egin dute biek.Lanaren abiapuntu, galera sentitu duten uneak hartu zituzten. "Denok galdu dugu momenturen batean. Izan partxiseko partida bat, gauza material bat, afektiboa... Denok sentitu dugu, baina zentzu negatiboa ematen zaio. Galtzea txarra da", azaldu du Alkainek. Buelta eman nahi izan zioten horri, sentipen negatiboak ekarrita ere, alde positibo bat ere baduela erakutsi.
Cuerdok eskerrak eman dizkie egileei eta aitortu duenez, "gozatua izan da zuekin lan egitea" eta lortutako emaitza balioetsi du. "Ez da gai erraza, eta uste dut sortu dutela material bat aukera ematen diena familiei, lagunei, jende askori... hitz egiten ez den gai hauetan hitz egiteko". Liburuaren materiala zaindu dute, paper birziklatuarekin egiten saiatu baitira, pisua ume batentzat erosoa izatea bermatu....
Gaitzaz eta heriotzaz mintzo
Aurkezpena bera amaituta, praktikan jarri dute proposamena. Bertaratzea izan ez duten bi lagunek grabatutako mezuen bidez minbiziari lotuta izandako bizipenaren berri eman dute. Illarramendik amak pairatutako minbiziek eta haren galera nola bizi izan zituen azaldu du. 10 urte zituela diagnostikatu zioten lehen aldiz gaitza amari. "Oso argi erakutsi zigun hasieratik gaixotasuna". Amaren baikortasuna gogoan du, gutxitan adierazi ziela bizi zuenaren alde txarra. Prozesu luzea izan zen, amaiera onik gabea. Horri guztiari buruz hitz egiteko beharretik sortu zuen Izan Iñurri egitasmoa, sare bat sortzeko. "Niretzat terapia handiena hitz egitea da, nire esperientzia kontatzea. Esperientziatik pila bat ikasten dugu, gertukoekin hitz egiten, desahogatzen".
Ixabelek, berriz, beste aldeko ikuspegia eman du. Hau da, semeei nola kontatu zien minbizia zuela eta hura sendatzeko prozesua nola bizi izan zuen. Gaitzaren berri izan zuenean, semeek 15 eta 7 urte zituzten. Nerabeak azkar ulertu zuen amak azaldutakoa, "bazekien zer zen minbizia"; hala ere, hilko ote zen galdetu zion. "Erantzun nion baietz, hilko nintzela. Ni, bera eta gainerako guztiak". Txikiarekin, aldiz, zailagoa izan zen. Ama burusoil egotea ondo zegoen galdetzen zion jendearekin lotu zuen eta barre egingo ote zioten beldur zen. "Prozesu guztian bere esaldia izan zen 'Ama, noiz aterako zaizu ilea jendeak ez begiratzeko?'".
Haiei esatea "oso gogorra" izan bazen ere, uneoro egia esatea erabaki zuen. Baita bizitzak aurrera jarraitzen duela ere, "psikologikoki asko laguntzen die". Horren adibide gogoratu zuen tratamenduaren ondoren ondo sentitzen zenean makilatu, ezpainak gorri-gorri jarri eta lanera joaten zela. "Ulertzen zuten amak ezpainak gorriz margotu baditu, ondo dagoela".
Amaitzeko, Lide Trekuk haur eta nerabe psikologoak gaia lantzeko zenbait aholku eman ditu. Nagusiki, mezuak "oso sinpleak, garbiak, eta konfusio gutxi sortzen dutenak" izan behar dira. "Haurrek ez dute ulertzen 'gora joan da' bezalako esaldiak". Heriotzak zer suposatzen duen argitu behar zaie, duten heldutasunera egokituta, eta oroitzapenaren bidez bizirik manten ditzakeela.
Halako egoeretan, gertatutakoaren azalpen bat ematea aholkatu du, beti ere, bestelako egoeretan bezala, gezurra ekidinez. “Haurrei inoiz ez zaie gezurrik esan behar, egi guztia ez esatea ez da gezurra esatea; iruditzen zait gezurra esaten diogun momentuan errespetu falta bat izaten ari gatzaizkiola bai haurrari bai gure harremanari". Gai ez direla pentsatzeak eta ez sufriarazi nahi izateak eragiten du joera hori, baina Trekuk gogoratu bezala, "sufrimendua bizitzaren parte da. Mina, bereziki, eta heriotza ere bai". Gainera, heriotza zenbat eta gehiago "mozorrotu, adornatu, disimulatu nahi izan" zailago izango zaio haurrari heldu denean heriotzari aurre egitea.
Agur esateko erritoen garrantzia ere nabarmendu du. Moldatu egin behar dira eta ez dute erlijioari lotuak izan behar, baizik eta "fisikoki egin daitekeen zerbait egitea trantsizio hori irudikatzen duena eta laguntzen diona bizirik dagoenari esperientzia hori integratzeko". Adibidez, txoko bat jarri eta haurrak eskulana edo marrazkia egin dezake pertsona horren oroitzapenez, eta bertan utzi denbora batez, "bizitzan presente egon dadin bere hutsunea".