INAUTERIAK 2021

Martinbertsok alaitu du txikienen larunbat arratsaldea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 14a, 11:55

Inauterietako alaitasunaren eta kolorearen zati bat ekarri du Martinbertsok Manuel Lekuona kultur etxera. Aretoa mozorrotutako helduek nahiz haurrek bete dute eta ikuskizunaz gozatu dute. 

Aurtengoak desfile eta kale ospakizunik gabeko inauteriak badira ere, kultur etxea salbuespena izan da arratsaldeko tarte batez. Izan ere,  Irrien Lagunak taldeko Martinbertsok bere kanta, kontu eta dantzekin lortu baitu jai giroa piztea. 

Amaraun Klubak antolatutako saioa zozketa batekin hasi dute. Zortea alde izan duten txikietako batzuek posterra eta opari goxo bat eskuratu dituzte. Irabazi ez dutenek atsekaberako tarte gutxi izan dute, Martinbertso agertokira atera eta poza berreskuratzen lagundu baitie. Pertsonaia herriz herri ibiltzen da kontu kontari. Berak bakarrik abestu eta dantza egin beharrean, haietan parte hartzera gonbidatu ditu ikus-entzuleak. Nahiz eta eserita egin duten, abilezia badutela argi utzi dute. 

Erlazionatuak

Kanta eta dantza aritu dira kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 14 Kultura