INAUTERIAK 2021

Tor magoak magiaz bete du Sasoeta-Zumaburu ikastetxea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 14a, 10:45

Gazte Klubak antolatuta, hogei bat lagunek Tor magoaren Amarru ikuskizunaz gozatu dute larunbat arratsaldean. Umorea eta magia uztartu dituen saioan karta joko, zapi eta ezagun diren beste trikimailu batzuekin harritu ditu gaztetxoak. 

Eszenografia eta elementu gutxirekin gauza asko egiteko gai dela erakutsi die Tor magoak Sasoeta-Zumaburuko gimnasioan bildu direnei. Zoruan eserita adi jarraitu dute emanaldia ikusleek, magoak egiten zuen guztia aztertuz, trikimailua zein zen asmatu nahian.

Ikuskizun parte hartzailea da eta serio hartu dute batzuek: galderak, iruzkinak, kexak... denetarik entzun ditu Tor magoak bere erakustaldiko truko bakoitza prestatzen ari zen bitartean. Hori bai, umore onez hartu ditu denak, baita emanaldia amaituta zegoela ere bota dizkiotenak. Gainera, batzuk burutzen ere lagundu diote, kartak aukeratu edo hitz magikoak errepikatuta. 

Lehen saiakeran huts egin du hainbatetan, baina ahalegindu eta guztietan lortu du nahi zuena (edo ezusteko beste zerbait): Zapiak kolorez aldatu ditu, mahaiak hegan egitea lortu du eta ikusleek puskatutako karta erre ondoren, laranja batetik atera du. Horrekin eskatu gabe txalo egin diote nola egin duen jakin nahi zuten gaztetxoek. Azpijokoren bat igar badaiteke ere, bere gaitasunean sinistea hobe.

 

Erlazionatuak

'Amarrua' ikuskizuna

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 14 Kultura