UDALBATZARRA

Mamia, galdera eta erreguetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 13a, 09:00

Otsaileko ohiko udalbatzarra egin du korporazioak, eta, besteak beste, elkartasuna adierazi dio Mendebaldeko Saharari; Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 45. urteurrenean, otsailaren 27an, herrialde horretako bandera jarriko dute udaletxean. Galdera eta erreguen txanda mamitsua izan da: gai ugari plazaratu dituzte alderdiek.

Urnieta bideko Zubillaga baserriaren arazoak, Landaberri eta Garaikoetxea ikastetxeetako zenbait kontu, Zubietako erraustegia, URA agentziak udalari bidalitako jakinarazpenak, udalaren web-orria eguneratu beharra, kultura-ekitaldiak antolatzerakoan jarrera aktiboagoa izatea eta aurrez ekimenak proposatzea... Galdera eta erreguetan gai ugari jarri dituzte mahai gainean EH Bilduk, EAJ-PNVk eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiek, Udal Gobernuak erantzun ditzan. Hori baino lehen, ordea, gai-zerrendako puntuak (eta ordenean ez zegoen baten bat ere bai) landu ditu korporazioak: esate baterako, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak aurkeztutako mozio bat. Aho batez, udal ordezkariek adostu dute elkartasuna adieraztea herrialde horri, eta SEAD errepublikaren 45. urteurrenaren ospakizunekin bat egitea: herrialde horretako bandera jarriko dute udaletxeko balkoian otsailaren 27an, larunbatarekin.

2020ko irailean eta urrian egindako hiru bilkuretako aktak onartu dituzte, eta iazko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dossierren berri-ematea ere bai. Korporazioko hamazazpi kideetatik hamaseik parte hartu dute otsaileko ohiko udalbatzarrean. David Mateosek (PSE-EE) ez du joaterik izan.

Zubillaga baserria

Azkar batean jorratu ditu udalbatzarrak gai-zerrendako puntuak. Galdera eta erreguen txanda iritsi da gero, eta ordu erdi inguruz eztabaidatu dute hainbat gairi buruz. Esate baterako, Urnieta bidean dagoen Zubillaga baserriaz. EAJ-PNVko bozeramaile Jon Antxordokik azaldu duenez, eraikin horrek "kalte nabarmenak" jasan ditu Zataraineko etxebizitzak eraikitzen ari direnetik. "40 tonako kamioiak igarotzen dira handik; errepide hori hamabost jasateko egina dago. Badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela azpiegitura hori, baina, gure iritziz, udalak herritarren interesak zaindu behar ditu, eta, kasu honetan, orain arte ez da hala izan". Udal Gobernuari leporatu dio alegazioak eta idatziak (2019ko azaroan eta 2020ko apirilean) egin izana kamioien joan-etorri horiek ez geratzeko, "egoera benetan nolakoa den egiaztatu gabe". Alderdi jeltzaleak udalari eskatu dio, besteak beste, bidal ditzala teknikari batzuk baserrira kalteak baloratzera, eta hitz egin dezala jabeekin. Erregu horiekin bat egin du EH Bilduk, eta honakoa gehitu: "Badakigu informe batzuk daudela non esaten den, neurri handiagoan edo txikiagoan, errepide horretako kamioien joan-etorriek kaltetu egin dutela Zubillaga baserria". Zubillagako jabeak zenbait kexa erregistratu ditu udalean eta diputazioan azken urteetan.

Udal Gobernuaren bertsioa Agustin Valdivia alkateak eta Lourdes Acevedo zinegotziak eman dute. Valdiviak adierazi duenez, udalak bilerak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin, eta "behar baino gehiago" busti da afera horretan. "Gu informatu gaituztenean, esan izan digute ez dagoela frogatzerik kamioien joan-etorriek eragin ote duen baserriaren zartatzea edo ez; errepideak, adibidez, ez du kalterik jasan". Arestian esan bezala, udalak alegazio eta idatzi bana aurkeztu izan ditu, Zataraingo obrek jarrai dezaten eta kamioiak hara joaten jarrai dezaten. 2019ko azaroan Lourdes Acevedo zen alkateorde. "Zubillagaren jabeei barkamena eskatu behar badiet, eskatuko diet, arazorik ez daukat", adierazi du. "Ni ez naiz ez abokatua, ez arkitektua ere; txostenak teknikariek egiten dituzte, eta haiek esandakoa entzun ostean sinatzen ditugu. Hala ere, Hirigintza batzordera joan, eta azalpenak eta informazioa eskatuko ditut". 

Galdera eta erregu gehiago

EH Bilduk galdetu dio Udal Gobernuari ea Donostiako Udalean eskatu ote duen Zubietako erraustegiaren kontingentzia-protokoloa. Horrez gain, jakin du URA agentziak jakinarazpen pare bat bidali dizkiola udalari, "arauz kanpoko" bi isuri direla eta. Valdiviak esan duenez, udaleko ingurumen teknikariarekin hitz egin zuen, eta erraustegiaren gaineko informazioa eskatzeko esan, baina ez daki Donostiako Udalak erantzun ote duen, udalak ez baitu artean ezer jaso. Isuriei buruzko ohartarazpenei dagokionean, Zerbitzu Publikoen batzordeari galdetuko dio alkateak. "Iaz, Brunet aldean, gertatu zen estolderia-uren isuri bat, ponpatzeko sistema hondatua zegoelako, baina konpondu zen". 

EAJk mahaigaineratu du Landaberri ikastolaren Zubietako eraikinean "errematatzeke" dagoela margotzea, eta horretaz arduratzen ari den enpresako langileek egun batzuez joan behar dutela, asteburuan, entzun dutenez, baina langileak etxera itzultzekoak direla orain. Bestalde, Udal Gobernuari galdetu dio ea badakien zentro horretara igotzeko eskaileran esku-hartzerik egingo ote den ala ez. Azkenik, plazaratu du Garaikoetxea eraikinean "gabezia elektrikoak" daudela jakin dutela, eta hori konpontzeko epea amaitu egin dela. Alkatearen hitzetan, Landaberriko bi kontu horiek obra-zuzendarien esku daude. Garaikoetxeari dagokionez, gehitu du horri buruz arduratu behar duen batzordeak badakiela ikasturte hau amaitu aurretik egin behar dituela gabezia elektriko hori konpontzeko lanak.

ELOPek bi erregu, udalaren web-orria berritu beharrarena eta telefonogunea jartzearena, jaso eta landuko dituela adierazi du Udal Gobernuak. Horrez gain, alderdi horren bozeramaile David Aresek mahaigaineratu du kultura-ekitaldiak antolatzerakoan "jarrera aktiboagoa" izan behar lukeela udalak, eta ez beti "elkarteen zain" egon. "Inauterietan, adibidez, esan zitzaigun ez zela ezer egingo, badakigu egoera zaila dela, baina gehiago landu behar zela iruditzen zaigu". Gazteria eta Festak batzordeburu Txus Alonsok erantzun dio udala "prest" dagoela beti eragileen proposamenak entzuteko. "Inauterien kasuan, Ttakun KEri Euskal Inauteriak egunez atzeratzea proposatu genion, baina ez zuen nahi izan".