"Aukeratutako" bikotearen gorabeherak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 12a, 19:54

Ezusteko egoera bizi duen bikote baten istoria ekarri du iluntzean El mono habitado taldeak Manuel Lekuona kultur etxera. Izan ere, Jainkoak bere umea hazteko hautatu baititu ¡Ave, osos! antzezlaneko protagonistak.

Chema eta Jose Mari bikotea etxea margotzen ari direla leihotik uso bat sartu zaie sukaldera. Hura ateratzen saiatu da Chema, baina beldurtuta jo du Jose Marirengana: Txoriak hitz egin dio, bere ahotsarekin, gainera. Entzuten duena ezin sinetsita, Jose Mari sartu da sukaldera; baina berehala irten da korrika, berak ere entzun baititu usoaren hitzak, bere ahotsarekin, oraingoan. Ahaleginak ahalegin, ezin dute etxetik bota animalia, beraz, bizilagunari bere katua eskatuko diote, baina hura zauritzea besterik ez dute lortuko. Egoera okertzeko, hegaztiak bere zereginaren berri emango die: Jainkoak aukeratu ditu itzuliko den bere umearen aitak izan daitezen. 

Abiapuntuak berak argi uzten du taula gainekoa komedia besterik ezin dela izan. Horri gehitu behar zaio, pertsonaiek ere zenbait berezitasun dituztela eta ageriko ezberdintasunak Biblian agertzen direnekin alderatuta. Horri guztiari uso mezularia eta bizilagun berezi bat gehituta, nahikoa elementu dira irria eta barrea eragiteko; eta halakorik ez da falta izan emanaldian.