Sagardotegiez gozatzeko itxaron egin beharko dute lasarteoriatarrek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 12a, 11:00

Otsailaren 5etik abian da aurtengo sagardo denboraldia, baina eremu gorriko herrietakoek ezin izan dituzte ateak zabaldu, behintzat aste honetara arte. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritza zabaltzeko baimena eman arren, zalantzak dituzte herriko sagardogileek

Pasa den ostiralean abiatu zuten, ofizialki, 2021eko sagardo denboraldia, otsailak 5. COVID-19ak eragindako osasun egoera medio, denboraldi berria iragartzeko Sagardo Berriaren Egunik, ordea, ez da izan aurtengoan. Sasoia martxan jarri arren,  sagardotegi askok ezin izan dituzte ateak zabaldu, ez gutxienez asteazkenera arte, eremu gorriko herrietako taberna eta jatetxeak itxita egon baitira orain arte.

Asteartean, otsailak 9, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen eremu gorrian dauden udalerrietako taberna eta jatetxeak ireki ahal izatea, eta, horren aurrean, Lasarte-Oriako Otegi sagardotegiarekin eta Zubietako Astiazaranekin hitz egin du txintxarri aldizkariak zein egoeratan dauden jakiteko.

Otegiko Pili Mercader atsekabetuta agertu da. Momentuz, martxora arte, gutxienez, ez du irekitzeko asmorik agertu.Aitortu du zaila dela bizi duten egunerokora moldatzea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza berrirekitzeko baimena eman arte ezin izan dituzte sagardotegiko ateak zabaldu, eta orain, martxan jartzeko aukera eduki badute, baina, momentuz, itxita jarraitzea erabaki dute: "Ez dakigu zein neurri iritsi daitezkeen hemendik egun batzuetara, agian berriro itxi beharko dugu eta horrela lan egitea oso zaila da".

Iazko denboraldi ia osoa (otsailetik aurrera) itxita eduki zuten sagardotegia, eta iaz ekoitzitako sagardoa aurtengo denboraldirako gorde dutela jakinarazi du Mercaderrek. Horrekin batera, 2.600 litro sagardo erosi dituzte aurtengo denboraldirako. Gauzak horrela, ekoitzi duten sagardoa botilan erosteko aukera eskainiko dute: "Martxora arte horrela egingo dugu, gero ikusiko dugu zein den animoa eta egoera".

Astiazaran sagardotegiko Ion Astiazarenek ere ez ditu etxeko ateak zabalduko, gutxienez ostiralera arte. Neurri berriei egokitutako zerbitzua eskaintzeko baliabide guztiak prest ditu: "Erosi ditugu sagardoa zerbitzatzeko pitxarra gardenak, eta neurri guztiak hartu ditugu, baina, ostiraleko LABI batzordearen bileratik etor daitekeena jakin arte behintzat, ez dugu sagardotegia irekiko".

Otegiko Pili Mercaderrek bezala, lan egiteko zailtasunak azpimarratu ditu Astiazarenek: "Neurri murriztaileak egun batetik bestera aldatzen dira, eta horrek, gure egoera ere bat-batean aldatzen du. Horrela lan egitea oso zaila da".

Aurtengo denboraldia prestatzeko modua ere ez da izan urterokoa Astiazaran sagardotegian : "Etxekoekin eta gertukoekin prestatu dugu dena, eta material aldetik ere oinarrizkoena erabili dugu".