Liburu-aurkezpena eta hitzaldia larunbat honetan, Ttakun KEren eta Izan Iñurriren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 11a, 10:54

Ttakun Kultur Elkarteak eta Izan Iñurri egitasmoko kideek liburu-aurkezpena eta hitzaldia antolatu dituzte larunbat honetarako, otsailak 13, 12:00etan Ttakunenea elkartean. Gurasoei eta hezkuntza-gaietan interesa duten pertsonei zuzenduta dago ekitaldia. Pandemia tarteko, aforoa mugatua da, eta interesa dutenek aurrez izena eman behar dute 695 78 53 92 telefonoan edo aisia@ttakun.eus helbide elektronikoan.

Intza Alkain eta Janire Arroyo herritarrek Hori ez galdu sekula liburua ondu dute, Izan Iñurrirekin elkarlanean. Lan horren aurkezpena izango da larunbat honetarako Ttakun KEk eta Izan Iñurrik berak elkarlanean antolatutako ekitaldiaren interesguneetako bat. Alkainek azalduko ditu zeintzuk diren liburuaren edukiak, eta ipuina kontatzeko baliabideak zeintzuk izan daitezkeen, entzulearen adinaren arabera. Ondoren, ilustrazioen prozesua nolakoa izan den esplikatuko du Arroyok. Hori baino lehen, Izan Iñurriren sortzaileek, Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok, egitasmoaren nondik norakoak partekatuko dituzte ikus-entzuleekin.

Larunbateko ekitaldiaren bigarren zatian, galera eta doluaren gaineko testigantzak emango dituzte gonbidatuek: Julene Illarramendik, Izan Iñurri egitasmoaren sortzaileetako batek, bideo baten bidez, azalduko du haurra zenean nola bizitu zuen prozesu hori; ondoren, Ixabel Uzkudun gurasoak hartuko du hitza, ikus-entzunezko batean hark ere, kontatzeko bere esperientzia pertsonala, gaixo zegoela nola azaldu zien haurrei; eta, azkenik, Lide Treku haur eta nerabe psikologoak gomendio ugari mahaigaineratuko ditu, norberak bere seme-alabekin galera eta dolua lantzeko.

Esan bezala, ekitaldia Ttakunenea elkartean egingo dute Ttakun KEk eta Izan Iñurrik; gurasoei eta hezkuntza-gaietan interesa duten pertsonei zuzenduta dago. Beharrezkoa da aurrez izena ematea, honako bide hauen bitartez: 695 78 53 92 telefono zenbakia edo aisia@ttakun.eus helbide elektronikoa. Antolatzaileek gogoratu dute osasun-neurriak bete beharko dituztela ikus-entzuleek: eskuak garbitu eta emanaldian zehar maskara jantzita izan. Ongi-etorria 11:45ean hasiko da.