Puntuz puntu, Europako borrokan jarraitzen du Realak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 14:45
Iraia Iparragire herritarra Madrid CFFko jokalaritik ihesi. Arg: Real Sociedad.

Real Sociedad taldeak puntu bat eskuratu zuen Madrid CFFren aurka otsailaren 6an jokatutako partidan. Zubietako zelaian neurtu zituzten indarrak Iberdrola ligako bi taldeek eta banako berdinketarekin amaitu zen partida.

Norgehiagokaren lehen minutuetan Reala izan zen nagusi. Talde txuri-urdinak aurretik jartzeko bi aukera garbi izan zituen Nerea Eizagirreren eskutik.

Madrid CFF ere saiatu zen markagailuan aurre hartzen eta saiakera ugari egin zituen. Korner batean etorri zen madrildarren gola. Sara Gonzalezek buruz gainditu zuen Nanclares atezaina. 

Natalia Arroyoren taldeak ez zuen amore eman eta gogor jarraitu zuen jokoan. Atsedenaldira iritsi baino lehen lortu zuen helburua Realak. Palaciosek area barruan zegoela jaurtiketa gurutzatua egin eta baloia sarean sartu zen.

Hori dela eta, bigarren zatian, bi taldeak garaipenaren bila atera ziren. Nahiz eta 20 minutu faltan hamar jokalarirekin geratu, talde txuri-urdinak behin baino gehiagotan arriskuan jarri zuen talde madrildarraren atea. Baina banako berdinketarekin konformatu behar izan zen talde donostiarrrak. 

Iraia Iparragirre herritarrak bere harritxoa jarri zuen berdinketan. Lehen hamaikakoan izan zen, baina 72. minutuan, aldatu zuen Natalia Arroyok.

Puntu honi esker, seigarren postuan jarraitzen du Realak eta Champions Leagueko postuen borrokan jarraitzen du. Atzo, esate baterako, bigarren sailkatu den Levanteren aurka partida garrantzitsua jokatu zuen.