OSTALARITZA

Lasarte-Oriako ostalariek kontzentrazioa egingo dute bihar, Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 13:58

Ostalaritza Lasarte-Oriak protesta ekintza antolatu du bihar, osteguna, otsailak 11. Hitzordua Okendo plazan jarri du, 12:00etan. "Aski da! Gaur irekita, bihar itxita; soluzioak nahi ditugu" aldarrikapen mezua zabaldu dute sare sozialetan, kontzentrazioaren deialdiarekin batera.

Urtarrilaren 22an sartu zen Lasarte-Oria eremu gorrian, eta lau egun beranduago itxi behar izan zituzten ateak tabernek eta jatetxeek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baimena eman die negozioak behin-behinean berriro irekitzeko (abendutik indarrean dauden neurriak errespetatuz gero), baina baliteke LABI batzordeak neurri are murriztaileagoak iragartzea ostiral honetan, hilak 12. Egoera "ziurgabe" horren aurrean, kontzentraziora deitu du Ostalaritza Lasarte-Oriak, eta pandemia hasi zenetik gaur arte bizi izan duten egoera beste behin bistaratzeko ere bai; "konponbidea" eskatzen dute.

2020ko martxotik maiatz hasierara arteko konfinamendu hertsia amaitu zenetik, oso aktiboa izaten ari da ostalarien taldea herrian. Protestak, manifestazioak, auto karabanak, kazeroladak... Ekintza ugari egin dituzte sektoreak bizi dituen une latzak gizarteratzeko, eta agintariei konponbideak eskatzeko. Zerrenda luze horretara gehituko dute biharko kontzentrazioa.