OSTALARITZA

Herriko taberna ugari, berriro ere zabalik

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 14:08
Ilargi taberna, esate baterako, gaur hasi da berriro lanean.

Herriko hainbat tabernak ez dute gehiago itxaron, eta gaur berrireki dituzte negozioak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalarien aldeko behin-behineko ebazpena jakinarazi ostean. Batzuk bihar zabaltzeko prestatzen ari dira; beste batzuk zain daude, ostiralean LABI aholku batzordeak zer esango. Eusko Jaurlaritzak adierazi du errespetatzen duela auzitegiaren erabakia, baina ez datorrela bat.

Erdiguneko kaleetan bestelako giro bat somatu da gaur. Bi asteren ostean –herria eremu gorrian sartu zela eta, urtarrilaren 26an itxi behar izan zituzten ateak tabernak eta jatetxeek–, pertsianak igo ahal izan dituzte berriro ostalariek, ostiral honetan LABI aholku batzordeak zer erabakiko duen jakin artean, behintzat. Lasarte, Epel, Arkupe, Viña del Mar, Gure Etxea, Kebab taberna, Ilargi...izan dira gaur egun indarrean dauden baldintzetan beharrean hasi diren ostatuetako batzuk. Beste batzuk, Jalgi Kafe Antzokiak eta Avenidak kasu, bihar hasiko dira. Bada astelehenera arte itxaron nahi duenik ere, baldintza zehatzak zeintzuk izango diren jakiteko. Momentuz, abendutik indarrean daudenak kontuan hartu behar dituzte: gehieneko aforoa %50, barran kontsumitzeko debekua, terrazako mahaietan gehienez lau lagun, kontsumitzerako momentuan soilik maskarak kendu, eta 06:00etan ireki eta 20:00etarako itxi, besteak beste.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo jakinarazi zuen onartu zuela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalarien ordezkariek otsailaren 4an aurkeztu zuten helegitea; berriz lanean hasteko baimena eman zien, behin-behinean, auzia sakon aztertu eta erabaki definitibo bat hartu bitartean. Argudiatu zuen taberna eta jatetxeak irekitzeak, osasun-neurriak betez gero (maskara, distantzia fisikoa, aforoa...), ez zuela "arrisku larririk" suposatzen osasun publikoarentzat.

Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean erantzun zion ebazpenari, Bingen Zupiria bozeramailearen ahotan. Lakuak errespetatzen du auzitegi nagusiaren behin-behineko epaia, baina ez du onartzen: "Erabakiak ahuldu egiten du gobernuak neurriak erabakitzeko duen ahalmena". Helegitea jartzeko bost egun ditu Jaurlaritzak; zerbitzu juridikoak auzitegiaren txostena aztertzen ari direla aurreratu du Zupiriak.

LABI aholku batzordeak bilera teknikoa egingo du bihar, ostegunez, egoeraren bilakaera aztertu eta ostiralean indarrean sar daitezkeen neurriak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Ostiral goizean, berriz, bilera politikoa egingo dute, eta agerraldia gero, zer erabaki hartu duten jakitera emateko. Ikusteke dago ostalaritzan nola eragin dezaketen horiek.