Arteaga II.ak, berriro ere ezker eskuan min

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 13:15
Axier Arteaga, Arteaga II.a beroketak egiten. Arg.: Txema Valles

Ezker eskuak lanak eman dizkio berriro ere Axier Arteaga, Arteaga II.ari eta otsailaren 7an, ezin izan zuen bikotekako promozio txapelketako partida jokatu

Axier Arteaga Arteaga II.ak ezker eskuko mina dela-eta, berriro ere bere jarduna eten behar izan du. Osatzen ari den arren, ez daki asteburu honetan jokatu ahalko duen.

Zabala eta Erostarberen aurkako partidan ezker eskuko mina itzuli zela azaldu digu herriko pilotariak. "Partidara ongi iritsi nintzen. Bi eskuetan minik gabe nengoen, baina partidan berriro ezkerreko eskuan mina hasi zitzaidan eta berriro geratu behar izan dut".

Arteaga II.ak ez daki zenbat iraungo duen etenaldi berri honek. "Ez dago jakiterik. Aste honetako entrenamenduetan zein sentsazio ditudan ikusi beharko dut. Horren arabera, aste honetan jokatu edo ez erabakiko dut. Aurreko geldialdia bi astetakoa izango zen eta oraingoan ikusi beharko da, posible da aste bete gehiago luzatzea."

Lehiaketa

Binakako promozio mailako txapelketako sailkapenean buru belarri ari da Arteaga II.a Elizegirekin batera. Ez dute hasiera ona izan. Lehen itzulia bukatzeko partida baten faltan puntu bakarra dute. Hala ere, partidaz partida lehiakortasuna irabazten joan direla nabarmendu du herritarrak, "Lehengo partidetan ikusi zen gure lehiakortasun maila ez zela nahikoa. Azken partidan, ordea, ongi lehiatu ginen eta ezin izan genuen puntua lortu".

Txapelketako bikoteak konpentsatuak daudela uste du Arteagak. Eta ezker eskuko minak bikotearen jarduna baldintzatu duela argi du. "Gure kasuan, Elizegi debutatu berria da arren, nahiko paper ona egiten ari dela uste dut. Baina debutatu berria izanik uste dut behar duen laguntza ezin izan diodala eman". 

Hori dela eta, hurrengo faseko sailkapena "oso zail" dagoela jakitun da Arteaga II.a. Bere helburuak orain "ahalik eta azkarren eskuak osatzea; kantxan berriro jolastu eta sentsazio onak izatea eta txapelketan paper txukunena egitea dira" onartu du pilotariak.

Horrez gain, buruz buruko txapelketarako prest egon nahi duela ere aurreratu du. "Txapelketa hau eta gero, buruz buruko txapelketa dator eta horretarako puntu-puntuan egotea espero dut".