Skate parke berria diseinatzeko parte-hartze prozesua martxan du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 13:04

Skate parke berria egiteko asmoa agertu du Lasarte-Oriako Udalak eta hori lantzeko parte-hartze prozesua abiatu du. Hilaren 16ra arte parte hartu ahal izango dute 10 eta 17 urte bitarteko gazte lasarteoriatarrek

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak, Gazteria eta Kirol saileko arduradun Txus Alonso eta Herritarren Partaidetza Saileko arduradun Nagore Duranekin batera, herriko skate parke berri bat eraikitzeko parte-hartze prozesua aurkeztu dute.

Duela hogei bat urte eraiki zuten Oriarte Instituaren aurrealdean skatean ibiltzeko parkea eta, dagoeneko "zaharkitua" geratu dela argudiatuta, berria erakitzeko asmoa agertu dute udal ordezkariek. Horrela, berria eraikitzen hasi baino lehen, skate parkeko erabiltzaile izan daitezkeen gazteei galdetu nahi diete, euren beharrak zeintzun diren jaso eta skate parke berria eraikitzeko. Jakin badakite gainera, gaur egungo skate parkeen estiloa bestelakoa dela. "Orain, monopatinek, patineteek eta BMX bizikletek ere erabiltzen dituzte skate parkeak, eta gaur egun dutena baino espazio gehiago behar dute".

Espazio berriaren nondik norakoak diseinatzeko, ordea, parte-hartze prozesu bat abiatu dute udaletik. 10 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta dagoeneko martxan dagoela adierazi du Nagore Duran Herritarren Partaidetzarako zinegotziak. Gaineratu du otsailaren 16an amaituko dela epealdi hori eta, gero, ekarpen guztiak jaso ostean, prozesu horretan parte hartu duten herritarrekin bilera bat egingo dutela proposatu dituzten ideiak elkarbanatzeko. Parte-hartze prozesuan parte hartu nahi dutenek partehartzea@lasarte-oria.eus helbidera idatzi dezakete. 

Momentuz hamabost proposamen jaso dituzte. 

Kirol ekipamenduen erabilera "demokratizatu"
Alkateak adierazi du legealdi honetan udalerrian kirol ekipamenduen erabilera demokratizatu nahi dutela, herritarrek kiroldegira "derrigorrez" joan behar ez daitezen, baizik eta kalean eskuragarri izan ditzaten ekipamendu horiek. Horren adibide jarri du, ia, Urdaburu plazan jarritako kalisteniarako eremua. 

Txus Alonso Gazteria eta Kirol Saileko arduradunak ere hitz egin du prentsaurrekoan. Azaldu du Lasarte-Oriak kirolaren alorreko egungo joerekin bat datozen kirol instalazioak edukitzea dela udalaren helburua: "Skatea  kirol olinpikoa da jada". 

Skate parke berriarentzat leku berria
Skate parke berriak orain arteko ez beste kokaleku bat izango du. Orain arte Oriarte Institutuaren aurreko lur eremu batean egon da, baina, urte amaierarako eraiki nahi duten berria, Zabaleta auzora lekualdatuko dute; pilotalekuaren ondora. Oraingo parkeak baino 300 metro koadro gehiago izango ditu, 900 metro koadro guztira. 

Horrela, oraingo skate parkean parkour parke bat egitea aurreikusten du udalak.