Martxoan eta apirilean zaldi lasterketak izango dira Hipodromoan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 12:00
Udako denboraldiko irudia.

Jockey Club Españolek Donostiako Hipodromoko negu-udaberriko ezohiko denboraldiko egutegia onartu zuen, otsailaren 8an, astelehenarekin

Zaldi lasterketen zaletuek, berriro ere, ezohiko datetan lasterketak ikusteko aukera izango dute. Martxoa eta apirileko lau ostiraletan negu-udaberriko ezohiko denboraldiko saioak jokatuko dira goizeko 11:15etatik aurrera. Zehazki, martxoaren 12an, 19an eta 26an eta apirilaren 2an izango dira jardunaldiak.

Guztira 20 lasterketa lehiatuko dira, , bost jardunaldiko. Horietatik lau hiru urteko zaldi eta behorrei zuzenduak izango dira eta gainerakoak lau urte baino gehiago dituztenentzat. 

Eskarmentu handiko jockeyak eta hasiberriak ikusteko aukera izango da, baita ez profesionalak ere. Hasiberriek bereziki hiru lasterketa jokatzeko aukera izango dute euren trebezia erakusteko eta amazona eta gentlemen mailakoek, berriz, lasterketa bat.

Garaipena, Zarzuelan
Bestetik, Madrilgo Zarzuelako Hipodromoko neguko denboraldian Raul Ramos herritarrak 2021 urteko lehen garaipena eskuratu zuen.Andalucia-Dos Hermanas Hipodromoa Sarian. Eachway zaldetegiko Tacio gidatuz,  lehia ederra izan zuen Mr. Hobs, Chapman Billy eta Anfionen arerioekin. Helmuga marran bertan erabaki zen irabazlea.