Ostadar Atletismoko kideak, markak ontzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 9a, 14:45
Maider Rekondo (ezkerrean) eta Ohiana Igarriz (eskuinean)artxiboko irudian. Arg.: Ostadar Atletismo.

Ostadar SKTko atletek bi proba izan zituzten asteburu honetan disko-jaurtiketako proba librea eta marken kontrol proba. Bai proba batean, bai bestean Ostadar SKTko atletek lan ederra egin zuten. Maider Rekondok Gipuzkoan pisu-jaurtiketan orain artean erregistratu den laugarren markarik onena lortu zuen, 13,29 m., marken kontroleko saioan eta pista estaliko Espainiako txapelketan egotea espero dute Ostadar Atletismoko kideek  

Oscar Goikoetxea Ostadar SKTko prestatzaileak azaldu digunez, asteburuan Gipuzkoako Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu behar zen. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez zion baimenik eman Gipuzkoako Atletismo Federazioari eta horregatik, proba murrizketa egoteaz gain, Euskadi, zein Espainiako txapelketarako baliagarriak diren marken kontrol proba soilean geratu zen. 

Ondorioz, Ostadar SKTko zazpi atletek parte hartu zuten larunbat arratsaldean Antonio Elorza belodromoan antolatu zen marken kontrolean. Herriko atletek pisu-jaurtiketa proban eta luzera-jauzian lortu zituzten markarik esanguratsuenak. 

Maider Rekondok, esate baterako, Gipuzkoan orain arte erregistratu den laugarren markarik onena egin zuen pisu-jaurtiketa proban. Rekondo nagusi izan zen proban hasieratik eta 13 metroetara iritsi zen atleta bakarra izan zen, 13,29 m.

Probako buru jarri zen hasieratik 12,15 metroko jaurtiketa bati esker eta beste bi saiakeretan marka berdindu zuen. Azken jaurtiketan lortu zuen bere marka pertsonala 70 zentimetroetan ontzea.

Marka honi esker, Espainiako zortzi onenen artean egoteko aukerak ditu Lasarte-Oriako atletak eta ondorioz, hurrengo astean Madrilen jokatuko den pista estaliko txapelketan egotea espero dute Ostadar Atletismo saileko kideek.

Proba berean, Ostadar SKTko talde kide Ohiana Igarrizek ere bere marka hobetu zuen 11 metroak igarota. Igarrizek bosgarren jaurtiketan lortu zuen 11,04 metroetara iristea.

Luzera-jauzian ere, Ostadar SKTko atleta bat izan zen buru, Enara Gonzalez. 

Bost metroetatik igaro zen atleta gaztea ia saiakera guztietan eta azkenean, 5,28 metroetako jauzia egin zuen. 

Aurreko asteburuan Euskadiko txapelketan lortutako hirugarren postuak eta proba honetan lortutako markak "sasoian dagoela erakusten du," nabarmendu du Goikoetxeak.
Rekondok ere parte hartu zuen proba honetan, 4,81 metroko marka eginez eta gizonezko mailan, federatu mailako lehiaketetan hasi berri zen Alex Alkain gaztetxoak 4,95 metroetara iritsi zen.

200 m eta 800 m. probetan ere ordezkaritza izan zuen Ostadarrek. Maider Abete lehiatu zen lehenengo proban eta 28.60 marka  erdietsi zuen. Bigarrenean, berriz, Leire Centenok 2:51.10 markarekin amaitu zuen lasterketa.

Disko-jaurtiketan ere bikain

Hitzordu bikoitza izan zuten Maider Rekondo eta Ohiana Igarrizek larunbatean. 

Arratsaldean marken kontrol proban bi atletek paper ederra egin bazuten ere, goizean Anoetako Miniestadioan antolatu zen disko-jaurtiketako proba librean ez ziren motz geratu eta marka ederrak egin zituzten.

Rekondok 30 metro baino gehiagoko jaurtiketak egin zituen proban zehar eta bere azken saiakeran, 40 metroetatik zentimetro batera geratu zen, 39,99 m.

Igarrizek, berriz, 30 metroetako langa igarotzea lortu zuen bi jaurtiketetan. Hoberena 30,96 metroetara iritsi zen.

"Marka onak dira. Kontuan izan behar da eguraldiak ez duela lagundu eta Anoetako miniestadioko disko-jaurtiketa eremua urez beteta zegoela," nabarmendu du Oscar Goikoetxeak.

Asteburu honetan, hiru hitzordu izango dituzte Ostadar Atletismoko kideek. Naroa Furundarena 23 urte azpiko Espainiako txapelketan lehiatuko da, Valentzian. Furundarena luzera-jauzi eta jauzi hirukoitza probetan lehiatuko da. "Meritu handia du bi probetan sailkatua egotea. Pandemia dela-eta, zortzi atletara murriztu da proba horien parte-hartzaile kopurua. Gainera, bietan podiumean egoteko lehiatuko da eta bietan domina lortu dezake, bereziki jauzi hirukoitzeko proban, 

Maider Rekondo eta Ohiana Igarriz Euskadiko jaurtiketa luzeetako txapelketan izango dira eta marken kontrol proba berria ere izango dute beste sei atletek.