Buruntzaldea IKTko infantilak, kontrol lehiaketan markak ontzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 9a, 10:30
Kontrol lehiaketako hirugarren jardunaldian parte hartu zuten infantiletako batzuk. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko hamabost infantilek lehiatzeko aukera izan zuten asteburuan. 35 marka pertsonal lortuz, entrenamendu orduek fruituak ematen dituztela erakutsi zuten Irungo Azken Portu kiroldegian antolatutako Kontrol Txapelketako 3. jardunaldian

35 marka pertsonal berri egin zituzten Buruntzaldea IKTko infantilek asteburuan Euskadiko Igeriketa Federazioal antolatutako Kontrol Txapelketaren hirugarren saioan.

"Gehienentzat jarraian lehiatzen ziren bigarren asteburua zen eta, aurreko igandeko saioa emaitzen aldetik apalagoa izan bazen ere, asteburu honetan benetan sentsazio on askorekin geratu gara," azaldu du Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko arduradunak. 

Larunbatean, zein igandean lehiatu ziren Apeztegiak prestatutako hamabost igerilari eta zortzik euren markak ondu zituzten. 

Hauek dira marka ondu zituzten igerilariak: June Lopez, 100 m. eta 200 m. libre eta 50 m. eta 100 m. bizkar;  Izaro Audikana, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre; 50 m. tximeleta; 200 m. eta 400 m. lau estiloak; Garazi Etxeberria, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre, 50 m. tximeleta eta 200 m. eta 400 m. lau estiloak; Saioa Elola, 50 m., 200 m. eta 800 m. libre; Julen Azpiroz, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre eta 50 m. bizkar; Iker Gorostegui, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre, 50 m. tximeleta eta 200 m. lau estiloak; Iker Gandia, 50 m. eta 100 m. bular, 50 m. eta 100 m. bizkar, 50 m. tximeleta eta 200 m. lau estiloak eta Jon Pelayo, 50 m. eta 200 m. bular eta 50 m. eta 100 m. tximeleta.

Entrenamenduei esker

"Asteburu honetan, infantil hauek pixkanaka entrenamendua barneratzen doazenaren sentsazioa izan dugu, martxoaz geroztik izandako geldialdia eta, ondoren, zailtasun eta etengabeko egokitzapen askorekin egindako martxa berreskuratzea barneratzen ari direnaren sentsazioa," nabarmendu du Apeztegiak.

Buruntzaldea IKTko arduradunak jakitera eman duenez, igerilari hauetariko gehienek denboraldia hasi zenetik hiruzpalau ordutegi aldaketa eta iraupen desberdineko entrenamendu aldiak izan dituzte. Hala eta guztiz ere, entrenatzeko modua hobetzea lortu dutela azpimarratu du Apeztegiak. "Entrenatzeko moduan izan duten ikaskuntza eta hobekuntza emaitza hauen atzean egon daitekeela uste dugu. Bide horretatik jarraitu behar dugu".