Desobedientzia zibilaren lekukotzak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko otsailaren 7a

Euskal Dokumentalak zikloko bigarren saioa egin zuten atzo arratsaldean. Oraingoan, derrigorrezko soldaduskaren aurkako intsumiso mugimendua izan zuten ardatz, Lander Garrok zuzendutako Bi urte, lau hilabete eta egun bat lanean oinarrituta. 

Kutxa bat da Lander Garroren lanaren abiapuntua. Hain zuzen ere Gaizka Aranguren kazetariak helarazitakoa. Barruan, egunkarietatik moztutako albisteak, kamisetak eta beste daude, denak intsumisioari buruzko materialak. Grabatutako irudi batzuk ere, 2012an Iruñeako espetxea eraitsi baino minutu batzuk lehenago barruan grabatuak. Sei gizon ikusten dira korridoreetan, patioan eta ziegetan barrena. Pozik egon beharko balute ere, haietako bat negarrez hasten da bi urte, lau hilabete eta egun batez bizitoki izan zuen lekura bueltatzean. 

Seiak intsumiso izanagatik kartzela hartan preso egon ziren: Aranguren bera, Fernan Mendiola, Juan Kruz Lakasta, Iñigo Balbas, Jaxin G. Viniegra eta Tonino Carotone dira. Haien bizipenetatik abiatuta, 1990eko hamarkadako derrigorrezko soldaduzkaren aurkako mugimendua aztertu du Garrok.

Proiekzioaren aurretik hitz batzuk esan zituen G. Viniegrak, baita ondorengo solasaldian ere. Mikel Yarzak egindako galderei erantzun eta haien artean dokumentalaren garrantzia nabarmendu zuen. "Askotan errelatoa komunikabide handien esku egon da, baina, orain, tresnak ditugu gure borrokak guk kontatzeko, izan zuen garrantzia adierazteko, eta, bereziki, desobedientzia zibil antolatzea eta sistemaren mugak gainditzeko aukerak gure esku jarraitzen dutela erakusteko. Gauza garrantzitsuak egin ditzakegula". Horregatik sartu ziren kartzelara betiko desagertu aurretik, "etorkizuneko errelato baterako irudiak biltzeko", harekin batera "borroka politikoen genealogia bat suntsituko zela jabetu baiginen". 

Herriaren babes zabala

Espetxeratutakoak mugimenduaren adibide ikusgarriena baziren ere, atzean babes sare zabala eratu zen. Horren inguruan hitz egin zuen intsumiso askoren abokatu izandako Alvaro Marcetek. "Milaka kasu eraman nituen Euskal Herrian eta Estatuan. Nafarroakoa errepresioaren punta izan zen". "Esperimentutzat" jo zuen han egindakoa. Une berean, 30 intsumiso egon ziren kartzelan; Gipuzkoan, berriz, nahiz eta 1.800 bat intsumiso egon, sei baino gehiago ez ziren aldi berean egon Martuteneko espetxean. "Nafarroan ikusi zuten horrek zekarren arazoa eta ez zuten akatsa errepikatu nahi izan. Errepresioa txikiagoa izan zen, kondenatuak izan arren, ez zituzten espetxeratzen". 

Gipuzkoako herri asko % 100 intsumisoak zirela ere gogorarazi zuten. Lasarte-Oria ez zen horietako bat, baina LOTA taldeko Fernando Vaquerizok agertokira igotzean adierazi zuenez, esparru askotara heldu zen. "Hemen ez zen % 100-koa izan, baina beste borroka batzuk heldu ez ziren guneetara iritsi zen". Eskerrak eman zizkien intsumisoen atzean egon zirenei.

Hunkituta hitz egin zuen Vaquerizok garai haietaz. "Aldaketa soziala oso azkarra izan zen, batera edo bestera, horretarako espazioa zegoelako gizartean, beste modu batera borroka egiteko prest zegoen jendea". Derrigorrezko soldaduska bertan behera uztea lortu bazuten ere, ez zuten ejerzitoarekin amaitzerik izan. Hala ere, gauza bakarra damu zaio garai hartatik, "30 urte geroago, damu zaidan gauza bakarra ez ospatu izana da. Borroka polita, indartsua eta bateratua izan zen". 

Gerora etorri ziren beste borroka batzuen oinarria izan zen intsumisoena. Horren harira, G. Viniegrak gaur egun desobedientzia zibila "oso garesti" ateratzen dela uste du eta gizarteak onartu egin dituela halakoei ezartzen zaizkien zigor gogorrak.