EUSKAL INAUTERIAK

Maskarak eta txantxo jantziak euskal inauteriak gogoratzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 7a, 10:31

Osasun egoera tarteko, izurria hasi zenetik hamaika ekimenekin egin dute bezala, modu sinbolikoan ospatzea erabaki du Ttakun Kultur Elkarteak. 

Ez dantza koloretsurik, ez itunik, ezta surik ere. Ohiko urte batean, Kaxkamalo bart iluntzean erreko zuten xomorroekin babes akordioa sinatu ondoren, eta urtebetez, herria gaitz guztietatik salbu legoke. Aurten, ordea, beraiek ere gaindi ezin duten zomorro maltzurrak bertan behera utzi ditu euskal inauteriak. Ospatzea garrantzitsua denez, modu sinbolkoan bada ere, Ttakun Kultur Elkarteak festa giroaren zenbait printza ekarri nahi izan ditu. 

Hurrengo urteari begira jarri, eta bi tailer burutu zituzten larunbat goizean. Ttakunenea elkartearen alde batean, dozena bat haurrek garai bateko euskal inauterietan erabili ohi zituzten karetak ardatz hartuta, maskara dotoreak margotu zituzten, antolatzaileak emandako materiala, etxetik ekarritakoa eta sormena baliatuta. Urmargoak, argizari margoak, koloretako errotulagailuak, oihal zatiak, hostoak edota purpurina (asko) erabilita, bakoitzak bere gustura eta estiloan ukitu berezia eman zion maskara zuriari. 

Beirazko hormaren beste aldean, moztu eta josi aritu ziren heldu eta haurrak. Ione Artolak lagunduta, datorren urterako txantxo jantziak prestatzen hasi ziren. Neurtu eta moztu berak egin zuen, gainerakoa, berriz, partaideei egokitu zitzaien. Jostorratzarekin hari koloretsuak pasa eta korapiloak egin aritu ziren, baita aurrerago gehituko dizkieten oihal zatiak mozten ere. Elkartearen alde honetan buru-belarri aritu zirenak helduak izan ziren, haurrek nahikoa lan izan baitzuten lastozko kapelak buruan batetik bestera korrika edo jolasean.

Ordubete luzeko tailerrak amaitu zirenean, txantxo jantzietarako materialak bildu eta beharrezkoa hartu zuten partaideek. Aurretik hamabi hilabete dituzte, ondo bidean, soinean ipini eta dantzarako prest izateko.

Ondoren, aurreikusita zuen euskal inauterietako dantzen atzean egon daitezkeen mitoei buruzko bideo bat ikustea; baina ez egitea erabaki zuten. Hori beharrean, pilula gisa zabalduko dute datozen egunetan sare sozialetan.