2021/02/05 19:00etan

Zinema

Ez, eskerrik asko! dokumentala

Ez, eskerrik asko! dokumentala
Manuel Lekuona kultur etxea, Lasarte-Oria

Okendo Zinema Taldeak euskal dokumentalen zikloa antolatu du. Zikloari hasiera emateko Gladys del Estal eta mugimendu antinuklearrari buruzko Ez, eskerrik asko! dokumentala eskainiko dute. Emanaldira lanaren zuzendaria eta gidoilaria, Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal gerturatuko dira. Jatorrizko hizkuntzan eskainiko da gaztelaniazko azpidatzizkiekin. Sarrera, 5,50 euro. 

1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripu nuklearraren ondoren, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, –ekainak 3–, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen.

80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil batek tiroz hil zuen. 

Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariak nola jazo ziren ezagutarazi; eta, bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman.