Pandemiak herrian eragindako ondorioei talka plan batekin erantzutea proposatu du EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 4a, 10:15

Aurtengo udal aurrekontuetara 1.500.000 euroko partida bat bideratu nahi du Lasarte-Oriako EH Bilduk, COVID-19ak eragindako arazoei erantzuten hasi eta hainbat esparrutan eragiteko: etxebizitzan, berdintasunean eta kirolean, besteak beste. "Lasarteoriatar guztientzat onak izan behar dute".

COVID-19ak herrian eragin dituen –eta eragiten ari den– arazoei talka plan batekin erantzutea proposatu du Lasarte-Oriako EH Bilduk. Nola? 2021eko udal aurrekontuetan 1.500.000 euroko partida bat bideratzea eskatuz, honako esparru hauetan eragiteko: herriko etxebizitzaren "arazo larrian", genero berdintasunean, kirolean, eragileen sarean eta haien beharretan, eta argiztatzean. Koalizio subiranistaren ustez, udal aurrekontuek "okerren pasatzen ari direnen premiei" erantzun behar diete, "herriari bizia" ematen dioten eragileei lagundu, eta ostalaritzari, zerbitzu pertsonal eta merkataritzari "krisi honetatik bizirik ateratzeko baliabideak" eskaini.

Eragin-esparruak

Etxebizitzarena "arazo larria" dela uste du EH Bilduk. "Udalak 39 etxe ditu jabetzan, Hipodromo etorbidean, eta hiru urte baino gehiago daramate itxita; berriki, babes ofizialeko beste hamalau gehiago eskuratu ditu Zabaletan". Etxebizitza horiek publikoki kudeatze aldera, aurrekontuetan milioi bat euroko partida bat bideratzea proposatu du.

Lasarte-Orian "arazo larri" bat dago etxebizitzaren alorrean, EH Bilduren ustez: milioi bat euroko partida bat sartu nahi dute aurrekontuetan, hori konpontzeko 

EH Bilduren herriko udal taldeari "onartezina" iruditzen zaio Lasarte-Oriako Udalak berdintasun teknikaririk ez izatea. Lan hori egingo duen pertsona bat kontratatzeko, 50.000 euro zuzendu nahi dituzte. "Are garrantzitsuagoa da hori garai hauetan, pandemiak okerragotu egin baitu indarkeria matxista pairatzen dutenen egoera". 

Lasarte-Oriako EH Bilduk aurreratu duenez, "laster" ezagutuko dute aurtengo udal aurrekontuen zerbitzua; Ogasun batzordean jakinarazi zaie. Alor gehiagotan eragin nahi du. Kiroldegi berria "taxuz" eraikitzea "ezinbestekoa" dela uste du: 75.000 euro bideratzea proposatuko du azpiegitura hori kudeatzeko, eta bertako barne-antolaketa eta jardueren erabakiak gauzatzeko. 

"Herriko hainbat kultur elkartek egindako espazioen eskaerari erantzun behar zaio; eskatuko dugu 20.000 euro partida bat sartzea, eragile horiei biltegi bat esleitzeko", jakinarazi du EH Bilduk.

Azkenik, Plazaolako bidea argiztatzera 81.000 euro zuzentzea galdegingo du. "Erdigunera etortzeko bide zuzena da, eta aisiarako gune garrantzitsua".