OSTALARITZA

Lasarte-Oriako ostalariak kultur etxean bilduko dira ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 3a, 15:59
Urtarrilaren 25ean manifestazioa egin zuten ostalariek herrian.

Ostalaritza Lasarte-Oria taldeak deialdia zabaldu du otsailaren 5erako, ostiralarekin: bilera egingo dute kultur etxean, 10:00etan. Herriko tabernari guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. "Helburua da bizitzen ari garen egoeraren aurrean nola jokatu erabakitzea, eta ideiak elkarbanatzea".

Lasarte-Oriako tabernak eta jatetxeak itxita daude urtarrilaren 26tik. Egun batzuk lehenago, eremu gorrian sartu zen herria, eta Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez agindutako neurri murriztaile gehiago hartu behar izan zituen, besteak beste, ostalaritza sektoreko negozioak ixtea, berriz ere noiz ireki ahalko duten jakin gabe. Koronabirusa izaten ari den bilakaera ikusita, ez dirudi hori berehala gertatuko denik –otsailaren 2ko intzidentzia tasa metatua 803,56koa izan da; gune gorritik irteteko, 500etik jaitsi behar du–. 

Horren aurrean, ostiral goizean bilerara deitu du Ostalaritza Lasarte-Oriak, eta sektore horretan lan egiten duten herritarrei parte hartzera deitu: "Guztien laguntza beharrezkoa da", azpimarratu du antolatzaileak. 10:00etan elkartuko dira, Manuel Lekuona kultur etxean.

Erlazionatuak

Ostalarien manifestazioa

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 25 Ekonomia