Pilota txapelketarik ez Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 3a, 10:45
Intza eta Tolosa pilota elkarteen arteko neurketa.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketak behin-behinean bertan behera geratzen direla jakitera eman du, Ezker Hormakoa izan ezik. Intzako senior bikoteak Ezker Hormako lehen fasea amaitu ahalko du Lasarte-Oria eta Andoain eremu gorritik ateratzean

Osasun egoeraren garapena dela-eta, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak martxan zeuden txapelketak etetea erabaki du. Federazioak argitaratutako oharrean dioenez, "Osasun egoerak okertzen jarraitzen du eta 25 udalerri daudela egoera gorrian, pasa den osteguneko 16 udalerriekin alderatuz".

Urtarrilaren 31ko asteburuan jardunaldi horretako partiden ehuneko txikia jokatu zela ere nabarmendu du, %28a.

Behin-behineko etenaldiaren beste arrazoietako bat kirol taldeen iritzia da.  Pilota elkarteei "ez zaie egokia iruditzen osasun egoera honetan jokatzen jarraitzea". Taldeek, besteak beste, COVID-19ak eragindako aurkariaren ez agertze bati esker partidarik irabazi nahi ez dutela edo segurtasun-neurriak direla-eta, etxeko partidak antolatzeko dituzten zailtasunak handiak direla helarazi diote federazioari.

Txapelketen jarraipenari dagokionez, Gipuzkoako Txapelketaren amaiera data atzeratzeko abagunea duela uste du Federazioak. "Oso litekeena delako Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren lehiaketa egutegia berregituratzea".

Aldaketa hauek guztiak elkarteei jakinarazi dizkie federazioak. Horregatik, Intzako Joxe Felix Solanorekin harremanetan jarri gara.

Solanok azaldu digunez, "federazioak otsailean behintzat txapelketarik ez dela egongo azaldu digu". Beraz, Intzako pilotariek ezingo dituzte Lau eta erdi edo Trinketeko txapelketak jokatu; Ezker Hormako txapelketa, ordea, bai. 

"Lehen fasea amaitzeko partida bat geratzen zen. Lasarte-Oria eta Andoain eremu gorritik ateratzerakoan partida hori jokatzeko aukera eman dute. Interesatzen zaigun txapelketa da. Sailkapeneko buru gaude eta hori jokatuz gero, lehen fasea amaituko genuke. Bigarren fasea, etenaldia amaitzean jokatzekoak dira, martxoan edo," aipatu du.