Minbiziaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira, ekintza sinbolikoa ostegunean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko otsailaren 3a

Udalak argi moreak piztu zituen 2020ko ekainaren 23an, Dravet sindromearen egunean.

Lasarte-Oriako Udalak argi berdeak piztuko ditu bihar, otsailak 4, ostegunez, Minbiziaren Aurkako Egunaren ekintza sinboliko gisa. Ni naiz eta banoa da gaixotasun horren kontrako borrokaren leloa.

Otsailaren 4an minbiziaren aurkako borroka ikusaraztearen helburua da gizartea kontzientziatzea eta mobilizatzea, eritasun horren prebentzioan eta kontrolean pausuak egiteko. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2018an 8,8 milioi pertsona zendu diren gaixotasun horrek jota; 2040an 16,5 milioi izan daitezkeela aurreikusi du erakunde horrek. Gipuzkoan 4.669 kasu atzeman ziren 2019an. 

Minbizia mundu mailan gaixotasun hilgarrienetako bat bada ere, garaiz detektatuz gero, sendatzeko probabilitateak igo egiten dira. Aurrerapausuak egin dira urtez urte. Osatzen diren pazienteak gero eta gehiago dira, eta gaixoen bizi-itxaropena gero eta luzeagoa: erien %53 bost urte edo gehiagoz bizi dira.