Furundarena eta Rekondo, pista estaliko Euskadiko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 2a, 13:30
Euskadiko txapelketan parte hartu duten Ostadar Atletismo saileko lau atletak: Rekondo, Gonzalez, Furundarena eta Igarriz. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar Atletismoko Naroa Furundarena, Maider Rekondo, Enara Gonzalez eta Ohiana Igarrizek pista estaliko Euskadiko txapelketan parte hartu dute asteburuan. Guztiak iritsi ziren euren probetako finaletara emaitza paregabeak lortuz: hiru urrezko, brontzezko domina bat eta laugarren postu bat

Pozarren daude Ostadar Atletismo saileko kideak. "Pista estaliko lehiaketa garrantzitsuenetakoa da eta atletek lortutako emaitzak bikainak dira," adierazi du Oscar Goikoetxea prestatzaileak.

Atletismo taldeko arduradunak jakitera eman digunez, Amane Mesa ere txapelketan parte hartzekoa zen altuera-jauzian. "Baina federazioak proba bakoitzeko parte hartze kopurura mugatu zuen eta lau kirolarirekin bakarrik parte hartu ahal izan dugu".

Lehen postuetan

Naroa Furundarenak lortu zituen domina gehien. Bi probatan parte hartu zuen Lasarte-Oriako gazteak, luzera-jauzia eta jauzi hirukoitza. Nahiz eta baleko jauzi gutxi egin ahal izan, bietan lehen postuan amaitu zuen.

Luzera-jauzian marka pertsonala egin zuen atleta gazteak, 5,76 metro. Ez zuen hasiera ona izan, lehen jauzia ez zen baliozkoa izan; bigarrenarekin sailkapeneko buru jarri zen, 5,65 m. eta hirugarrenak garaipena eman zion. Zortziko finalean sartu eta bertan ezin izan zuen baleko jauzirik egin.

Jauzi hirukoitzeko lehian ere taulari neurria hartzeko zailtasunak izan zituen eta gutxigatik baliogabeko ugari egin zituen. Azkenean, beste behin, hirugarren jauzian egon zen gakoa. Jauzia egin eta 12,31 metrotara iritsi zen sailkapeneko buru jarriaz. Zortziko finalean marka hobetzen saiatu zen, baina ezin izan zuen.

Luzera-jauziko finalean Furundarena ez zen bakarrik egon Enara Gonzalezek ere sailkapena lortu eta podiumeko hirugarren mailan egon zen, 5,37 metroko jauziari esker.

Maider Rekondok, berriz, hasieratik hartu zuen abantaila pisu-jaurtiketa proban, 11,36 metroko jaurtiketarekin. Hirugarren saiakeran 12 metroetatik igarotzea lortu zuen, 12,35 m. lortu zuen. Denboraldiko bere markarik onena izateaz gain, urrezko domina ere eman zion herriko atletari. 

Furundarenaren antzera, Rekondok talde kide bat izan zuen finalean lehian, Ohiana Igarriz. 10,53 metroko jaurtiketari esker, denboraldiko markarik onena egin zuen eta bere marka pertsonaletik gutxira geratu zen gaztea. Sailkapenean laugarren izan zen.

B finala

Bestalde, herriko beste hiru atleta ere izan ziren lehian: Atletico San Sebastian taldeko Maria eta Nerea Eugi ahizpak eta Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek. Hirurek 60 m. proban parte hartu zuten eta Veronizek B finalean parte hartu zuen.

Real Sociedadeko kideak sailkapena lortu zuen 7.05 markarekin. Finalean, ordea, ez zuen bere unerik onena izan eta 7.17 marka egin zuen. 

Eugi ahizpek, berriz, ezin izan zituzten final-erdiak gainditu. Mariak 7.99 egin zuen eta Nereak, berriz, 8.15.