'Ordainketa malgua' sistema, zenbait tasa bi epetan ordaintzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 2a, 11:14

Ordainketa malgua sistemaren bitartez, bi epetan ordaindu ahalko dituzte lasarteoriatarrek TMIZ Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga, OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta zaborren tasa. "Ordainagiria bitan banatzen du, eta pagatu beharreko kopurua erdibanatu; herritarrei ez zaie errekargurik edo interesik kobratuko", jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalak. 

Tasa jakin horiek ordaintzeko sistema 17. Ordenantza Fiskaleko 105. artikuluak –Zuzenbide Publikoko tributu eta beste diru-sarrera lokalen kudeaketari, kobrantzari eta inspekzioari buruzko ordenantza orokorra– jasotzen duela zehaztu du erakunde horrek.

Ordainketa epeak

TMIZ zerga ordaintzeko datak hauek dira: apirilaren 15a, ostegunarekin, eta abuztuaren 1a, igandez. Tasa horren bigarren zatia abuztuko aurreneko lanegunetan ere pagatu daitekeela zehaztu du udalak. 

Zaborren tasa bi epetan ordaindu nahi izanez gero, egunak maiatzaren 15a (larunbata) eta irailaren 1a dira (asteazkena). Azkenik, OHZ zerga ekainaren 30ean (asteazkena) eta urriaren 1ean (larunbata) ordaindu behar dute Ordainketa malgua sistema erabiltzen dutenek.

Tasa horien ordainketa bi zatitan banatu ahal izateko, eskatzaileek aldez aurretik helbideratuta izan behar dituzte ordainagiriak, borondatezko epean. Horrez gain, titularrak ez du zorrik izan behar  betearazpen aldian.

Udaleko Zergabilketa sailak kudeatzen du Ordainketa malgua. Sistema horri buruzko informazio gehiago nahi duten herritarrek dei dezakete 943 37 61 87 telefono zenbakira, edo bilketa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi.

Ordainketa malgua eskatzeko instantzia