Zubietako erraustegiaren aurkako elkarretaratzea egin dute Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urtarrilaren 30a

Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak bat egin du Larreko Mahaiak sustatutako U30 Aldaketaldia ekimenarekin. Elkarretaratzea egin dute Okendo plazan, 12:30ean. Zaldibar berririk ez, ez Zubietako erraustegian ez inon lelopean talde argazkia egin eta idatzi bat irakurri dute Maria Jose Vivasek eta Ricardo Ortegak. 

Aldaketaldiaren helburua klima, bioaniztasuna eta, oro har, ingurumen larrialdia "agerian jarri eta salatzea" da; COVID-19aren pandemiak areagotutakoa. Arazoa mundu mailakoa bada ere, hemen ondorioak ditu eta, aldi berean, hemendik ere haietan eragin daiteke.

Horren adibide jarri dute hondakinen politika. Arlo honetan ez dute ikusten "politika irmo bat" hondakinen sorrera murriztu ezta horiek birziklatuta baliabide berriak sortzeko ere; "dirua eta etekin pribatua lortzeko negozioa baizik". Horren erakusgarri dira Zaldibarko zabortegia eta Zubietako erraustegia, gaitzetsi dituzten bi azpiegitura. Bizkaikoan gertatutako ezbeharrak agerian utzi zuen administrazioaren "utzikeria eta kontrol falta" nahiz "oskurantismoa", bi hildako eta inguruan hondamendi ekologikoa eragiteaz gain. Zubietakoan "oinarri berberak" ikusten dituzte Aire Garbiako kideek. Izan ere, azken hilabeteetan zeharka jakin dute izandako "leherketak, isurketa toxikoak errekara, suteak... eta auskalo zer gehiagori buruz", enpresak edota GHk-k ukatu ondoren. 

Lasarte-Oriako udal gobernuaren utzikeria ere salatu dute. Izan ere, uztailaren 9ko udalbatzarrean erraustegian istripu bat gertatuz gero, zer protokolo dagoen galdetu zion oposizioak Valdivia alkateari ,eta sei hilabete geroago, "ez daki", azpiegitura Donostiako lurretan egonda hango agintariei galdetu behar diela argudiatuta. Erantzuna "administratiboki zuzena" izan daitekeela onartu badute ere "guztiz beldurgarria" dela uste dute lasarteoriatarren osasun eta segurtasunarentzat. "Nola onar dezake erantzun hori udal gobernuak? Zer uste du, zerbait gertatuz gero, kalteek muga administratiboak errespetatuko dituztela? Lasarteoriatarrok beste errespetua merezi dugula!". Amaitzeko, nabarmendu dute lasarteoriatarrak  ez direla "espektadore hutsak" eta berretsi dute Zaldibar berririk ez dutela nahi ez Zubietako erraustegian ez beste inon.