COVID-19

Hamaika positibo berri, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 12:28

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara eman berri dituen datuen arabera, hamaika kutsatze berri erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian, bezperan baino bat gehiago. Kopuru hori gehituta,  eta azken egunetako bilakaerari erreparatuta, aurreikus daiteke hilabetea 200 kutsatzeak gaindituta amaituko dela, hiru egun faltan 193 zenbatu baitira. 

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan positibo berriak diagnostikatu zituzten atzo, guztira, 26. Lasarte-Oria da kasu gehien batu dituena, esan bezala, hamaika. Andoainen, berriz, bost; Hernanin, lau; Urnietan, hiru, Astigarragan, bi; eta Usurbilen, bakarra izan ziren. Azken hamabost egunetako intzidentzia metatuan aldaketa txikiak badaude ere, batzuk pixka bat igo edo jaitsi dira,eremuei dagokienean aldaketarik ez dago. Eremu horian daude Usurbil eta Astigarraga; eremu gorrian, aldiz, Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oria.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, 17.285 proba diagnostiko egin zituzten atzo hiru lurralde historikoetan, eta haietatik, 1.264 positiboak izan ziren. Positibo tasa, beraz, % 7,31 da. Kutsatu berrietako 357 Gipuzkoan atzeman dituzte; 714, Bizkaian eta 178, Araban. Gainerako hamabostak EAEtik kanpo bizi diren herritarrak dira. Horrez gain, COVID 19ak eragindako 86 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta 140 gaixo daude ZIUetan.