Esnal, Master mailako Europako txapelketara

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 15:00
Mikel Esnal proba bat amaitzean. Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko Mikel Esnalek Bizkaia Open Master IV. Sari Nagusian parte hartu zuen, urtarrilaren 24an. 50 m. libre eta 50 m. bizkar probetan master mailako Europako txapelketako gutxienekoak lortu zituen igerilariak

Bizkaia Open Master IV Sari Nagusia antolatu zen asteburuan Getxoko Fadura igerilekuan. Igandean, Buruntzaldea IKTko Mikel Esnal igerilaria 50 m. libre, 50 m. bizkar eta 100 m. libre probetan lehiatu zen eta 50 metroko bi probetan Europako txapelketarako txartela eskuratu zuen. 

Esnalek maiatzean jokatuko den Master mailako Europako Txapelketan parte hartzeko erronka ezarri dio bere buruari Borja Apeztegia entrenatzaileak adierazi digunez. Getxoko proba gutxienekoak lortzeko txapelketa egokia zenaren ustetan, "etorkizunerako baliagarriak zaizkion markak erregistratzeko asmoz" joan zen Buruntzaldea IKTko igerilaria.

Beharrezkoak diren segurtasun neurriak betez eta edukiera kontuak errespetatzeko bi jardunalditan burutu zen txapelketa eta igandean, egin zuen igeri Esnalek. Goizean, 50 m. libre eta 50 m. bizkar probak egin zituen; arratsaldean, berriz, 100 m. librekoa.
 
50 m. libre proban, "uretan posizio egokia hartu gabe", 25,16ko marka egin zuen eta bizkar probarako lan espezifikorik egin ez arren, 29,32 egin zuen 50. metrotako proban. Bi marka horiek Europako txapelketarako gutxienekoak dira.
 
100 m. libre proban ere gustora geratu zen Esnal, 55,71 eginez. "Azken 2-3 urteetan apur bat alde batera utzi du errespetu asko eta probarako segurtasun faltagatik. Berarentzat zaila zen proba, baina pixkanaka lasaiago eta erosoago sentitzea lortu zuen," jakitera eman du Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko prestatzaileak.
 
Apeztegiak nabarmendu duenez, gustura itzuli zen Getxotik Buruntzaldea IKTko igerilaria eta gutxienekoak lortuta, Esnalek lanean jarraitu behar du. "Azken 2-3 urteetan, bizitzen ari garen pandemia egoeragatik eta beste hainbat arrazoirengatik, ez du aukera handirik izan entrenatu eta lehiatzeko. Beraz, entrenamenduekin aurrera jarraitu eta aukera berriak baliatzea baino ez da geratzen."
 
Valdemoro eta Tolosan lehian
 
Bestalde asteburu honetan, hitzordu bikoitza dute Buruntzaldea IKTko kideek.
 
Nahia Zudaire Adinen Arteko Espainiako 2021eko AXA Txapelketan lehiatuko da Valdemoron (Madrilen). Zudaire larunbat arratsaldeko saioan eta igande goizekoan parte hartuko du eta ondorengo probatan lehiatuko da: 100 m. eta 400 m. librean, 100 m. tximeleta eta 200 m. lau estiloetan.
 
Bestetik, Euskadiko Igeriketa Federazioaren Kontrol Txapelketako 2. Jardunaldia izango dute gainerako taldekideek, igande arratsaldean, Tolosako Usabal kiroldegian.