Jon Ibisate Alday: "Kutsatzeak ekiditeko, zelaitik kanpo ahalik eta prebentzio handienak hartu behar dira"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 10:00
Jon Ibisate Alday, epaile lanetan.

Jon Ibisate Alday (Lasarte-Oria, 2000)  14 urterekin hasi zen errugbi partidak zuzentzen. Galdua du epaitu dituen partiden zenbatekoa. Egun Euskadiko lehen mailan epaile nagusi eta Espainiako mailan lehen mailako marrazain lanetan dabil herritarra. Kirolariengan bezala, COVID-19aren neurriek eragina dute epaileen lanean ere. Urtarrilera arte, Ibisatek ez du partidarik gidatu. Harekin bildu gara bere jardunaren berri izan eta pandemiarekin zer ikusia duten beste hainbat gaiei buruz hitz egiteko

COVID-19ak nola baldintzatu du zure lana? 

Urri amaiera arte eta urtarril hasierara arte ez dut epaitzeko aukerarik izan. 

Espainiako liga urriko azken asteburuan hasi zen, eta gaur egun martxan dihardu. Euskadikoa, ordea, urtarrileko lehen asteburuan hasi zen.

Zein aldaketa izan dituzue?

Espainia mailan, epaitu baino hiru egun lehenago gutxi gora behera, antigenoen test bat egiten dugu, negatiboak garela ziurtatzeko. Euskadin, ordea, ez dago frogarik; instalazioetara sartu baino lehen tenperatura hartu eta kito. 

Euskadin, emakumeen eta gizonezkoen lehen mailek bakarrik ekin diote denboraldiari, hortaz, partida bakoitzera hiru epaile joaten gara, gauzak profesionalago diruditelarik.

Errugbia kontaktuko kirola izanik, ez duzue beste aldaketarik izan? Ez da arau egokitzapenik izan?

Ez. Egungo errugbia ohiko errugbia da, inongo aldaketarik gabekoa maila gorenetan. 

Umeen kasuan, eskola kiroleko murriztapenak direla-eta,  zertxobait aldatu da kirola praktikatzeko modua.

Konfinamendu arintze garaian, egokitzapenak izango zirenaren zurrumurruak egon ziren. Ukituzko errugbia aipatzen zen irtenbide bezala. Zer da ukituzko errugbia eta zertan datza?

Nik ez dut horren berririk izan, hasiera batetik kontaktuko errugbia itzultzea zela helburu jakin nuen. 

Dena den, ukituzko errugbia edo tocata deritzona, beste errugbi modalitate bat da, non aurkaria plakatu ordez ukitu-heldu egiten den. Normalean, taldeek ukituzko errugbia entrenamenduetan erabili ohi dute.

Beraz, lehiaketa guztiek aurrera egiteko, jokalariengan eta taldeengan jarri da erantzukizuna .

Azken finean, kirol honekin aurrera jarraitu nahi badugu, denok jarri behar dugu gure aldetik. 

Espainiako mailan, testak egin arren, hiru egun lehenago egiten dira, eta ez dira %100ean zehatzak, hortaz kutsatzeak ekiditeko zelaitik kanpo ahalik eta prebentzio gehienak hartu behar dira. 

Zelai barruan, berriz, nahikoa zaila da kutsatzea, izan ere distantziak esanguratsuak baitira, eta segurtasun neurriak mantentzen dira.

Hala ere, Aviron Bayonneseko kasua eta bere ondorioak esanguratsua izan dira, Champions Cupa eta Challenge Cupa bertan behera geratu dira. Protokoloak ezberdinak izateari egotzi diote. Nazioartean epaile lanetan izan zarenez, nola eragin dezake horrek zuen lanean? Eta kirolean?

Lehen aipatu bezala, testak egin arren, kutsatzeko aukera asko dago eta Aviron Bayonneren kasuan horixe bera gertatu zen, EPCR eta TOP14 ligek protokolo ezberdinak izanik. 

Pertsonalki uste dut nazioarteko txapelketak ez direla berriro hasiko, izan ere, kontaktuak murrizteko garaia baita, eta, kanpora joanez gero, Baionan gertatuta, kasu gehiago atzeman baitaitezke. Kutsatze horiek, partidak bertan behera geratzea eta atzeratzea dakar, txapelketa gehiago luzatuz, eta klubei ez zaie interesatzen, ondoren partida gehienak segidan jokatu beharko baitituzte.