Euskal Ligako seven txapelketa martxan da, pandemiari aurre eginez

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 28a, 14:30
Paola Vega herritarra, frentez, seven mailako partidan. Arg.: Jose Juan Gurrutxaga

Urtarrila hastearekin batera, Euskal Ligari hasiera eman diote errugbiko hainbat mailek, hala nola, emakumezkoen seven mailak. Lehiaketak pandemiaren eragina jasan du. Zazpi taldetik hiruk bakarrik jokatuko dituzte lehen jardunaldiak

Hasiera zaila izan dute Euskal Ligako txapeketek. Partida ugari atzeratu behar izan dituzte COVID-19ko kasuak izan edo jokalariak konfinamenduan egoteagatik. 

Horregatik, urtarrilaren 16an, Hernaniko Landare-Toki zelaian jokatu zuten emakumezkoen seven mailako lehen jardunaldian zazpi taldetatik hiruk bakarrik parte hartu zuten saioan: Hernani, Orkli Ordizia eta Iruñeako La Unica. Etxeko taldean Paola Vega herritarra ari da jokoan.

Egoera ikusita, hiruko bat jokatu zuten. Hernani ezin izan zuen La Unica garaitu 19-24, baina Ordiziaren aurka arantzatxoa atera zuen, 24-19.

Gainerako taldeak (Durango RT, Gernika RT, Elorrio RT eta Uribealdea RKE) lehiaketara  gehitu bitartean, hiru talde horiek larunbatean, 15:30etik aurrera bigarren jardunaldia jokatuko dute Ordiziako Altamira estadioan.

Garaipena ihesi
Bien bitartean, Estatu mailako Ohorezko B mailako txapelketak aurrera doa. Gesalaga Osalan Zarautz taldeak ez du zorterik azken partidetan. Bera-Bera eta Ferrol izan ditu aurkari azken bi asteetan eta bietan arerioa izan da garaile.

Urtarrilaren 16an, partida berdindua bezain lehiatua jokatu zuen Zarautzeko taldeak Bera-Beraren aurka. Garaipenak, ordea, azken unean eskuetatik ihes egin zion Gesalaga Osalan Zarautzi, 27-19.

Azken jardunaldian, berriz, CR Ferrolek eraman zuen garaipena Astin jokatu zen neurketan. Beñat Arroyo herritarra titular izan zen eta Jokin Belokik minutuak jokatzeko aukera izan zuen.

Baloia mugimenduan jarri zenetik Ferrol nagusi izan zen. Aurre hartu zuen markagailuan eta 17 tantoko tartea lortu zuen. 53. minutuan, egin zuen Zarautzek lehen entsegua Zumetaren eskutik. Gerora, Sedranek transformatutakoa.

Zarautzek gerturatzeko ahaleginak egin arren, Agirreren entsegua eta Sedranen transformazioa, Ferrolek partida eskuan zuen eta azken entsegu batekin erabaki zuen azken emaitza,14 eta 22koa.

Aste honetan, larunbatean, euskal derbi berri jokatuko du Gesalaga Osalan Zarautzek Eibarren aurka.