Naroa Furundarenak ederki hasi du pista estaliko denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 28a, 13:00

Naroa Furundarena, jauzi hirukoitzeko podiumean. Arg.: Ostadar Atletismo.

Ostadar Atletismoko kirolariek Gipuzkoako txapelketako lehen saion parte hartu zuten larunbatean, Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Guztien artean, Naroa Furundarenak lortu zuen emaitzarik onena. Jauzi hirukoitzeko txapela jantzi zuen herritarrak, bitan 12,36 metroetara jauzi eginez. Beste herritar batek ere lortu zuen domina. Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek brontzezko postuan amaitu zuen lehia.

Ostadar Atletismo sailak talde gaztea aurkeztu zuen Gipuzkoako txapelketara. Oscar Goikoetxea entrenatzaileak azaldu digunez, gehienak 16 urte azpiko mailako kirolariak izan ziren eta euren lehen lehiaketa ofiziala zen.

Horiez gain, Naroa Furundarenak ere parte hartu zuen eta jauzi hirukoitzean nagusi dela erakutsi zen herritarrak.Lehen jauzian lortu zuen marka eta hori gainditu nahian lehiatu zen gainerako saiakeretan. Lehiaketako azken jauzian gertu ibili zen, baina marka bera egin zuen.

“Oso marka ona da Naroak lortutakoa. Bere markatik oso gertu dago eta bere pistako denboraldi hasierako marka hoberena da,” adierazi du Ostadar SKTko prestatzaileak.

Jauzietako probez gain, abiadura lasterketetan ere parte hartzen du herritarrak eta 60 metroetako proban izan zen lehian. Finalerako sailkatu zen Furundarena, 7"92 markarekin. Finalean, ordea, jauzien txapelketako nekea nabaritu zuen eta seigarren postua eskuratu zuen.

Lasterketa berean, Atletico San Sebastianeko Maria Eugi herritarrak parte hartu zuen. Eugik Furundarenaren antzera  7"92 marka egin zuen bere sailkapen lasterketan eta finalean podiumetik gertu ibili zen; laugarren postua eskuratu zuen.

Brontzezko domina

Beste herritar batek ere domina eskuratu zuen. Real Sociedad taldeko Veroniz hirugarren izan zen 60 m. probako finalean, 7"02ko markarekin.

Guzti ondo bidean, asteburu honetan Euskadiko txapelketa absolutua jokatuko da eta otsailaren 6an, Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldia izango da.

Lasarte-Oriako atletek lehen artean egon edo markak hobetzea espero dute. Esate baterako, Ostadar Atletismoko bost atleta izango dira Euskadiko txapelketa lehian. 

Naroa Furundarenak jauzi hirukoitzean eta luzera-jauzian parte hartuko du eta bietan dominaren bat lortzeko aukerak ditu.

Ez da domina lortzeko aukera izango duen bakarra, Maider Rekondok pisu jaurtiketa proban lehiatuko baita. bere helburua 12,5 metroak igarotzea izango da. 

Rekondorekin batera Oihana Igarriz izango da oisu jaurtiketa proban eta 11 metroetara iristea du buruan.

Enara Gonzalez gaztea, berriz, Furundarenaren aurka lehiatuko da luzera-jauzian. Gonzalezek finalerako txartela lortzeaz gain, bere urteko marka hobetu nahi du. 

Azkenik, Amane Mesa gazteak debuta egingo du maila honetako txapelketa batean. Altuera-jauzi proban parte hartuko du eta 1,50 metroak igarotzea du helburu.