Sagardoaren Lurraldeak jakitera eman duenez, denboraldi berria iragartzeko ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute, COVID-19aren gaur egungo egoera eta bilakaera zein izaten ari den aintzat hartuta. Hortaz, otsailaren 3rako programatu zuten 28. Sagardo Berriaren Eguna ez dute ospatuko. Edari horren sasoi berria otsailaren 5ean hasiko da ofizialki, ostiralez. Sagardotegiek gogor lan egin dute irekiera osasun-egoerara moldatzeko: zenbaitzuk orain hasi dira ateak zabaltzen, eta beranduago egingo dute beste batzuek, baldin eta haien herria eremu gorrian ez badago. Lasarte-Oria, esate baterako, gune horretan dago gaur-gaurkoz.
Hala ere, otorduak eman edo ez, Sagardoaren Lurraldeak azpimarratu du sagardotegiak irekita daudela, hara joan eta botilak erosi nahi dituzten horientzat.