Puntuak etxean geratu ziren

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 27a, 12:00
Intza eta Tolosaren arteko partidako puntuak etxean geratu ziren.

Intza elkarteko bigarren mailako senior bikoteak ongi berrekin zion Ezker Hormako txapelketari. Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak Tolosako bikotea izan zuten aurrez aurre Michelingo pilotalekuan eta 22-5 gailendu zen. Balio bikoitza duen garaipena erdietsi zuen Intzako bikoteak. Partidako puntuak irabazteaz gain, Ezker Hormako hurrengo faserako sailkapena lortu baitu senior bikoteak

Intza elkarteko senior bikoteak espero baino partida errazagoa jokatu zuen larunbatean Tolosaren aurka. 

Bikain jokatu zuten eta erraz garaitu zituzten arerioak. "Mikel Elola ongi ibili zen atzean; Jon Pello Artetxek, berriz, bikain. Nahiz eta emaitza hain erabagarria izan, tanto ikusgarriak eta politak egin zituzten bi bikoteek," azaldu du Joxe Felix Solano Intzako prestatzaileak.

Sailkapena eskuan

Jardunaldi bat geratu arren, garaipeneko puntuari esker, matematikoki bere multzoko lehen sailkatua da Intzako bikotea. Beraz, Ezker hormako bigarren fasera sailkatuko litzateke.

Tamalez, Lasarte-Oria eremua gorrian dago eta egoera horrek taldearen entrenamenduak etengo ditu, baita partidak ere.  

Egoeraren bilakaera ikusita ez dakite oraindik fase hori noiz eta nola jokatuko den, ezta lehenengo noiz amaitu ahalko duten ere. Izan ere, Intzako bikotearen hurrengo aurkaria Andoaingo Gazteleku taldea dugu eta Andoain ere eremu gorrian dago.

Gainerako txapelketa federatuen hasiera ere atzeratuko dute Intzako kideek. Asteburu honetan, Jon Pello Artetxek eta Haritza Diaz de Guereñuk buruz buruko txapelketa bana hasi behar zituzten. Artetxek Lau eta erdikoa eta Guereñuk trinketekoa. Eremu gorritik atera arte, ezingo dute pilotalekura itzuli.