ESKUALDEA

Eskualdea sustatzen eta garatzen jarraitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 25a, 18:24

Ezohiko saioa egin du gaur goizean Lasarte-Oriako udal korporazioak. Mahai gainean, gai bat: 2017an Beterri-Buruntzako sei udalek eskualdea sustatzeko eta garatzeko sinatutako hitzarmena luzatzea eta aldatzea. Aho batez onartu dute.

Pleno aretora eraman aurretik, alderdi politikoek Sozioekonomia batzordean eztabaidatu zuten gai horri buruz. Agustin Valdivia alkateak jakinarazi duenez, parte-hartzaile guztiek "aho batez" onartu zuten hitzarmen hori luzatzea. Adostasun hori irmoa izan da gaur goizeko saioan ere, udalbatzarrera joan diren zinegotzi guztiek aldeko botoa eman baitute bozkatzeko unea iritsi denean.

Hitzarmena luzatzea, "ezinbestekoa"

EH Bildu alderdiak baietz bozkatzearen arrazoiak azaldu ditu. Jon Martin bozeramaileak nabarmendu duenez, 2017ko urtarrilaren 27an hitzarmena sinatu zuten sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek) "bide oparoa" egin dute eskualdea sozioekonomikoki garatzeko bidean: "30 programatik gora jarri ditugu martxan enplegua, ekintzailetasuna, enpresen lehiakortasuna eta lurralde garapena sustatzeko". 

Alderdi horren aburuz, programa horiek garatzen jarraitzeko "ezinbestekoa" da hitzarmen hori luzatzea, nahiz eta argi utzi duen "behin-behineko irtenbidea" dela, Beterri-Buruntza mankomunitatea "operatiboa" izan bitartean. "Helburu nagusia hori da, mankomunitatea sortzea eta beharrezko baliabideez hornitzea; eskualde izaera garatzeko eta hori sozioekonomikoki garatzen jarraitzeko berebizikoa da". "Herritarrentzat erreferente izango da lankidetza-esparru hori; mankomunitateak eskualdea ordezkatuko du beste erakunde batzuekin solasterakoan".