Gizontasunari buruzko bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 23a, 21:10

Xake Produkzioak Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanaren emanaldia egin du iluntzean kultur etxean. Road movie itxurako lanak oso bestelakoak diren bi gizon eta pertsonaia oso xelebre bat batzen ditu.

Burgoseko errepide batean autoestop egiten ari den gizon bat jaso du Mariok. Kamiolaria gurasoen sorterria den Portugalera bidean doa eta gelditzea erabakitzean ez daki alboan eseriko den gizona eskola garaiko ezaguna duela. Ander fado lehiaketa batera doa herrialde hartara eta bere gorabeherak kontatzen hastean jabetuko dira, urte askoan elkarren berri izan ez badute ere, elkar ezagutzen dutela. 

Anderrek bizipen ugari partekatuko ditu Mariorekin, baina honi gehiago kostatuko zaio bere sentimenduen inguruan aritzea. Gizontasuna modu oso bestelakoan ulertu eta bizi dute, baina gauzak aldatzen joango dira Masku pertsonaia misteriotsuak bidaian jarritako "oztopoen" ondorioz. Ane Garabarain aktoreak gorpuztutako pertsonaia honen jarduna ez zaie gehiegi gustatu beste biei, baina kultur etxeko ikus-entzuleei irria eta barrea eragin dizkie askotan.

Erlazionatuak