Sailkapen txapelketan, markak hobetzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 19a, 09:45
Sailkapen txapelketan parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTKo gazteak Erkidego Arteko Espainiako Infantil eta Junior Txapelketarako sailkapena lortzeko baliagarria izan den kontrol txapelketa lehiatu zuten urtarrilaren 16an eta 17an, Irungo Azken Portu igerilekuan

Erkidego Arteko Espainiako Infantil eta Junior Txapelketarako sailkapena jokatu da asteburuan eta Buruntzaldea IKTko igerilariek Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako igerilariak izan zituzten arerio. Guztira, Borja Apeztegiak entrenatutako kirolariek zortzi marka hobetzea lortu zuten.

Larunbata arratsaldean Buruntzaldea IKTko emakumezkoak lehiatu ziren eta zazpi marka pertsonal ondu zituzten.

June Lopezek bost marka berri lortu zituen bi probetan: 200 m. bizkar eta 400 m. libre. Bizkar proban bere aurreko marka lau segundo hobetu zuen, 2:35,71; lehian zehar, beste bi marka ondu zituen 50 m. zein 100 metroko paseetan (36,29 eta 1:15,44). 

Bestetik, 400 m. libre proban ere bere marka hautsi zuen Lopezek, 4:59,83. Proba honetako 200 metrotako pasean ere marka hobetu zuen, 2:28,31n eginez. 

Aintzane Sarobek, berriz, 100 m. bizkar probako marka pertsonal berria egin zuen, 1:06,96 eta 50 m. zein 100 m. libreko taldeko 17 urteko errekorrak ere ondu zituen.

Izaro Audikanak 200 m. libreko marka pertsonala hobetzea lortu zuen aurrekoa 6 segundotan hobetuz, 2:23,44. 

Horretaz gain, Nerea Santosek 800 m. eta 400 m. libre probetan taldeko 17 urteko errekor berriak ezarri zituen.

Eneko Elizasuk eta Unai G. Somovillak, berriz, igandean parte hartu zuten. Bietatik Elizasuk bakarrik lortu zuen marka hobetzea. 200 metro libre proban izan zen eta 2:01,83ko kronoa egin zuen.