Berrogei minutuz eztabaidatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 15a, 15:12

Ostegun arratsaldean egin dute 2021. urteko lehenengo udalbatzarra udal korporazioko kideek. Bi mozio jarri dituzte mahai gainean; horietako bat onartu eta bestea atzera bota dute.

Laburra zen osteguneko udalbatzarraren gai-zerrenda. Etxerat elkarteak aurkeztutako mozio bat jorratuko du korporazioak, eta, gero, galdera eta erreguak egiteko tartea irekitzea aurreikusita bazegoen ere, Gipuzkoako ostalarien mozio bat ere ekarri dute mahai gainera.

18:30ean eman dio Agustin Valdivia alkateak hasiera udalbatzarrari, eta Etxerat elkartearen mozioa aurkeztu du. Mozio horren bitartez, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasarteoriatarren, Juankar semea eta anaia kartzelara bisitan zihoazenean izan zuten auto-istripua ekarri dute gogora. Azpimarratu dute euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren testuinguruan hil zirela.

Gogora ekarri dute baita ere, presoen aurkako urruntze politikak gaur gaurkoz 344 auto-istripu gertatu direla, urrunketak 1.000 kaltetu eta zauritu eragin dituela eta 16 hildako.

Hori azalduta, lau puntu onartzea eskatu dio Etxerat euskal presoen aldeko elkarteak Lasarte-Oriako udalbatzarrari:

1.- Almeria espetxean urrunduta zegoen senide preso bat bisitatzera zihoazenean, urrunketa politikak eragindako trafiko istripu batean hil ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren senideek pairatutako sufrimendua aitortzea.

2.- Espetxeko Lege Orokorraren birgizarteratze printzipioak jarraituz, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea ekiditeko urrunketaren espetxe politikarekin desadostasuna adieraztea, eta, era berean, ETAren desagerpenak ekarritako garai berriekin bat eginez, espetxe politika berri baten beharra ikustea, zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbidetzen duena, horrela, haien senideekin duten harremana erraztuz eta adingabeko seme-alaben eskubideak defendatuz, haien ongizatea bermatzeko.

3.- Preso dauden pertsonak urruntzea haien senide eta lagunei ezarritako zigor gehigarritzat hartzea. Hori dela eta, espetxe politika honekin premiaz amaitzeko eskaera egitea, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren heriotzak bezalako gertaerak berriz ere gerta ez daitezen.

4.- Legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatuz, beste neurri batzuekin batera, presoen problematikari erantzun bat ematea, elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko kontutan izateko ekarpena litzatekeela.

Mozioa irakurtzeaz amaitu, eta bozketara igaro dira zuzenean. Udal korporazio guztiak bat egin du Etxerat elkartearen mozioarekin, hortaz, onartuta geratu da aho batez.

Bozka azalpenaren txanda zabaldu du gero alkateak, eta PSE-EEko zinegotzi Lourdes Acevedok hartu du hitza eta luze eta zabal argudiatu du alderdi sozialistaren posizionamendua, mozioarekiko.

Esan du sozialistak beti saiatu direla sufrimendua jasaten duten pertsonekiko enpatia eta gertutasuna izaten: "Agian, sozialistok asko dakigulako sufrimenduaz eta minaz, bizitza eta osasuna galtzeak zer esan nahi duen badakigulako". 

Gaineratu du sufrimendua ezagutzen duten bezala ezagututa, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren senide eta gertukoen sufrimendua uka ezina dela: "Ez dugu sekula pertsona hauen heriotzak sufrimendua eragin duela ukatuko". 

Presoak bisitatzera joan eta errepidean bizitza galdu duten pertsonak  "dispertsioaren biktimak" edo "urruntze politikaren biktimak" direnik ez dute onartzen. 

Urruneko espetxe politikaz ere mintzatu da Acevedo. Esan du presoen ingurune pertsonaletik urrun kartzelatuak edukitzea Espainiako ordenantza juridikoak zehazten duenaren kontrakoa izateaz gain, ondorio negatiboak eragiten dizkiela presoen senide eta lagunei: "Ulertzen dugu urruneko espetxe politika horrek ez du zentzurik gaur egun".

ETArik gabeko garai berriei erreferentzia

Mahai gainean jarri dute baita ere azken urtean presoek etxetik, senide eta lagunengandik gertuago egon daitezen eman diren pausuak: "ETAren amaiera osteko garai berrian ari dira pausu horiek ematen".

ETAren amaiera berandu iritsi dela azaldu du gero. "Berandu eta gaizki iritsi da demokrata guztientzat, eta bereziki erakunde armatuaren milaka biktimentzat". Horien artean, Froilan Elespe (ETAk hil zuen 2001.urtean) alderdikide eta lagun izan zuena ekarri du gogora. Nabarmendu du baita ere berandu iritsi zela Elesperen senide eta lagunekiko elkartasuna.

Hitzartzea amaitu aurretik azaldu du pertsona ororen giza-eskubideak errespetatu behar direla, "baita horiek errespetatu ez dituzten pertsonenak ere. Guk aurrera jarraituko dugu gertatutako onartzen duen egiaren elkarbizitza horretan, bizitako sufrimendua ahaztu ez dadin". 

Gai ordenan aurreikusi gabeko mozio bat eztabaidagai

Galdera eta erreguen tartea zabaldu aurretik, Gipuzkoako Ostalarien mozio bat gai ordenatik kanpo lantzeko erabakia hartu dute; udalbatzarrera ekartzeko erabakia hartu zuen Bozeramaileen Batzordeak. 

Mozio horren bidez, martxoaren 14an Koronabirusaren osasun krisia iritsi zenetik gaur egunera arte bizitzen ari diren eguneroko zailaren berri eman dute. Azaldu dute, besteak beste, udalerri bakoitzaren egoera epidemiologikoaren arabera 106 eta 125 egunez eduki dituztela itxita tabernak, eta gaueko ostalaritzak, berriz, zazpi hilabete daramatzala itxita. 

Horrekin batera, administrazio ezberdinek sektorea suspertzeko hartu dituzten neurriak eta egindako ahalegina aitortu dute, baina laguntza horiek ez dira nahikoak ostalarientzat. Horregatik, bizitzen ari diren eguneroko latzari aurre egin ahal izateko bi eskaera egin dizkiote Lasarte-Oriako Udalari:

1.- Gipuzkoako ostalaritzaren egoeraren berri ematea EUDELi, Foru Aldundiari, Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari.

2.-Aipatutako erakundeei eskatzea ostalariok bizi dugun egoera ekonomikoari irtenbidea ematearren, martxoaren 14az geroztik, atzeraeraginarekin Gipuzkoako Ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eta berori bideratzeko beharrezko diren izapideak burutzea.

Mozioa irakurrita eta bozketari hasiera eman aurretik, David Aren ELOP, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko bozeramaileak hartu du hitza. Azaldu du bere alderdiak "beti" defendatu duela pandemiari aurre hartzeko neurri murriztaileekin batera, horiei aurre hartzeko neurriak ere beharrezkoak direla. Gaineratu du jakitun direla ostalariek jasotako laguntzak ez direla nahikoa bizitzen ari dien egoerari aurre egiteko.

Azalpen horren ostean, bozketa egin dute. PSE-EEk eta EAJ-PNVk kontra bozkatu dute eta EH Bilduk eta ELOPek, berriz, alde. Hortaz, kontrako hamar bozkekin eta aldeko seirekin bertan behera geratu dira Gipuzkoako Ostalarien eskaerak. 

Bozka azalpenaren tartean Jon Antxordoki EAJko bozeramaileak hartu du hitza lehenik. 

Aurka bozkatzearen arrazoiak jakinarazi ditu. Esan du Gipuzkoako Ostalariek mozioan eskatzen dutena ez dela egingarria.Horrekin batera, ostalaritzako sektoreaz gain, beste hainbat eta hainbat sektore ere antzeko egoera batean daudela defendatu du. "Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari jornal bat eskatzea ez zait egokiena iruditzen. Eta beste sektoreak zer? Kultura zer? Zerbitzu Pertsonalak zer? Horiei ezer ez?. Badakigu sufritu dutela, baina beste askok bezala". 

Antxordokiren ostean Uxue Loinaz EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza. Esan du ostalarien bizi duten egoera larrian "ezinbestekoa" deritzotela laguntzak "modu azkarrean" abian jartzea. 

Horrez gain, bere alderditik honako babes neurriak gehitzea ee egoki ikusi dute:

1.- COVI-19aren krisiak lan autonomoari eragindako galera handiei aurre egiteko konpentsazio funts zabalgarri bat sortzea eta horretarako autonomo bakoitzaren 2020ko diru sarrerak kontuan hartzea eta arau orokorra izatea bakoitzaren 2019ko diru sarreren %75erainok aldea konpentsazio bidez estaltzea, ordainketa bakar eta azkar batekin.

2.- Lan autonomoaren euskal mailaren esparruan eta alderdi politiko, autonomoen eta elkarte eta sindikatuekin adostasunak bilatuz, lan autonomoa babesteko euskal plan estrategiko integral bat egitea epe labur, ertain eta luzera esku hartzeko neurriak jasoko dituena.

Hitzartzea amaitzeko berretsi du ostalariak asko sufritzen ari direla eta laguntzak "lehen bait lehen" martxan jarri behar direla.

David Mateos Zerbitzuetako zinegotziak ere hitz egin du gaiaz. Gipuzkoako Ostalariek administrazio ezberdinek euren sektorea suspertzeko hartutako neurriei egindako aitortza eskertuz hasi du hitzartzea, Horren ostean, kontrako bozka ematearen arrazoiak jarri ditu mahai gainean:

1.- Aurkezten diren proposamenek gutxieneko bideragarritasun bat izan behar dute. Taberna ixtearen arrazoi hutsagatik ostalaritzako autonomoentzako gutxieneko soldata bat eskatzea ez da jarraitu beharreko arrazoiketa bat izango. Hori edozein erakundek ezin du bere gain hartu, ez da errealista eta ez zaigu serioa iruditzen modu horretan galdegitea.

2.- Ez dezagun ahaztu, horiez hitz egiten ez den, baina sufritzen ari diren sektore gehiago ere badaudela. Erakundeok horiengan ere pentsatu behar dugu.

3.- Ondorioak jasan dituzten sektore guztiak aztertu behar dira, horrela soilik proposatu baitaitezke neurri egokiak. Bizitzena ari garen egoera honetan, hartzen den edozein neurri ez da nahikoa izango, ez badira zentzuzko irizpide batekin hartzen behintzat. 

4.- Lasarte-Oriako Udaletik, eta zehazki udal gobernu taldetik lanean jarraituko dugu herriko sektore guztien alde, baita herritarren alde, eskura dauzkagun erreminta eta errekurtsoekin. 

Galdera eta erreguen tartea

Alderdi batek baino gehiagok luzatu ditu galderak udalbatzarraren azken tartean. EAJ-PNVko Jon Antxordoki izan da lehena. Gabonetan, herriko zenbait lekutan Iberdrola energia enpresak izan dituen gehiegizko karga batzuen inguruan galdetu dio udal gobernu taldeari.Jakin nahi izan du ea udalak ba ote duen arazo horien berri eta energia enpresarekin hitz egin duten. 

Berehala erantzun dio alkateak. Esan dio ez duena gertakari horien berri eta David Mateos Zerbitzu publikoetako batzordeburuak ere berretsi egin ditu alkatearen hitzak. 

Jon Martinek luzatu du bigarren galdera. Udal kiroldegiaren inguruan jakin nahi izan du EH Bilduk, hain zuzen ere, lasarteoriatarren artean bolo-bolo ibili den gertakari baten inguruan. Azaldu du, kiroldegiko arduradunak, Koronabirusak eragindako egoera medio ikastarorik gabe geratu direnei edota ikastaroren zati bat galdu dutenei kiroldegiko kuotaren kopuru osoa edo zati proportzionala bueltatzeko tramiteekin gertatu diren arazoak ekarri ditu mahai gainera. Izan ere, azpimarratu dutenez, herritarrek diru kopuru horiek bueltatzeko emandako kontu korronte zenbakiak erabili dituztela urte berriko kuotak kobratzeko. Gertakari horiekin kexu agertu diren herritarren iritziak jaso dituztela nabarmendu du Martinek, eta horren inguruko azalpenak eskatu dizkio udal gobernu taldeari. 

Bigarren galdera bat ere luzatu du. Kasu horretan asteartean Zubietako erraustegian piztutako sutearen inguruan. Komunikabideetan atera den informazioaz gain beste informazio gehigarririk ba ote duten galdetu dio udal gobernu taldeari. Horrekin batera, 2020. urteko uztailaren 9ko udalbatzarrean hitz egindakora begira jarri dira, hain zuzen ere, orduko udalbatzarrean EH Bilduk galdetu baitzien ea ba ote zekiten erraustegiak balizko istripu bat gertatuz gero protokolorik ba ote zuten edo ez. 

Alkateak hartu du hitza galdera horiei erantzuteko. Kiroldegiaren tramiteekin gertatu denaz azaltzeko hitza Txus Alonso Gazteria eta Kirola saileko batzordeburuari eman dio. Honek azaldu du pandemiak lan administratiboen kopurua nabarmen handitu duela azaltzearekin batera, gertatutakoaren berri eman eta esan du, herritarrik bada egin zaien kobrantza bueltatzeko aukera dutela gogorarazi du.

Erraustegiko sutearen inguruan ere erantzun du. Azaldu du komunikabideen bidez jakin zutela gertatutakoaren berri, gaineratuz, ez erraustegiak ezta Donostiako Udalak ere ez dutela erraustegian gertatzen denaz informatzeko derrigortasunik. Bestalde, balizko istripu baten aurrean jarraitu beharreko protokoloaren ingurumen erantzun dio ingurugiro teknikoak jakinarazi ziola baietz, erraustegiak baduela balizko istripu bat gertatuz gero jarraitu beharreko protokolo bat: "Guk ez diegu protokolo hori eskatu, baina, hala nahi baduzue, eskaera egingo dut".

Ia 40 minutuko eztabaidaren ostean amaitu da urtarrileko ohiko udalbatzarra.