Otsailera arte, ez da futbol federaturik egongo

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 14a, 09:30

Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren harira, Gipuzkoako Futbol Federazioak lehiaketak otsailaren 7a baino lehen ez direla ekingo jakitera eman du. Gipuzkoako Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordeak premiazko bilera bat egin ostean hartu du erabakia

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11n neurri berriak zehaztu zituen, horien artean, entrenamenduak eta lehiaketen itzulera baimendu du 100.000 biztanleko 500 kutsatze-kasu baino gutxiago dituzten herrietan.

Neurriek, ordea,  kezka ugari sortu dituzte Gipuzkoako futbol taldeen artean. Hala nola, zer gertatzen den itxiera perimetrala ezartzen duten udalerriekin;  21:00ak baino beranduago entrenatzeko ezintasuna instalazioen itxieragatik; Gure Txokoa eta Beti Gazte klub nafarrek eta haien arerioek ezin dutela mugitu foru-erkidegora joateko, etab.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskadiko Futbol Federazioari argibide osagarriak eskatu dizkie federazioak.

Gainera, datorren ostiralean EAEko hiru lurralde-federazioek bilera bat egingo dutela jakitera eman du, bateratze-lana egiteko eta hurrengo urratsak koordinatzeko. “Prestakuntzarako lagunarteko partidei, lehiaketari berrekiteko aukerari eta txapelketaren formatuari dagokienez, hurrengo egunetan hartuko da erabakia, informazio guztia bildu eta lurralde-federazioekin bilera hori egin ondoren”.

Hala ere, dena ondo bidean, otsailaren7a baino lehen lehiaketarik ez dela izango aurreratu du. “Gure ustez, taldeek egokitzapen-aldi berri bat behar dute, eta, gainera, datozen asteetako osasun-datuen bilakaera erabakigarria izango da futbol-partiden itzulera, lehiaketa mota eta horrek igoerei eta jaitsierei dagokienez eraginik izango duen zehazteko”.