Intzako pilotariak, txapelketen itzuleran

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 13a, 14:00
Ezker Hormako seniorren partida. Arg.: Txema Valles

Urtarrilaren 11ko neurriek,  kirol federatuen lehiaketa berrekin daitekeela. Hori dela eta, Gipuzkoako pilota federakuntzak urtarrilaren 24ko asteburuan lehiaketak berrekingo direla iragarri du. Ondorioz, Intza elkarteko kadete eta senior mailako pilotariek Kluben arteko Ezker Hormako lehen fasea amaituko dute

Pilotari federatuek badakite noiz itzuliko diren lehiara, urtarrilaren 24ko asteburuan izango da. Ezker Hormako txapelketa izango da itzultzen den txapelketako bat.  Horretan ari ziren lehian Intzako kadete eta senior mailako pilotariak urriko kirol etena ezarri zenean.

Kadete mailako bikoteek ez dute partida gehiago jokatuko Jose Felix Solano arduradunak azaldu duenez, “kadete mailan partida bakarra geratzen zen jokatzeko etena indarren jarri zenean. Sailkapena erabakia dago eta ez da partida hori jokatuko”.

2. senior mailako bikotearen egoera bestelako da. Bere taldeko buru zen azaroan, partidarik galdu gabe. “Orduan ongi zegoen bikotea. Abenduan ekin genien entrenamenduei, baina lan eta kiroldegiko ordutegiak medio, zail izan dute elkarrekin lan egiteko. Lehen partidan ikusi ahalko da zein puntutan dauden”.

Nahiz eta sailkapena bideratua izan, punturen bat gehiago lortzea ez legoke gaizki Intzako arduradunaren hitzetan. Horregatik, geratzen diren bi partidetan, Tolosa eta Andoaingo Gaztelekuren aurka, beharrezko puntuak eskuratzea espero dute. Eragozpen bat dago, ordea, egun bi herriak eremu gorrian daude eta ez dakite partida horiek jokatu ahalko diren. Beraz, egoeraren garapenaren eta federazioak adierazten duenaren zain daude Intzako seniorrak.