Axier Arteaga, Arteaga II.ak, eskuko minarengatik ez zuen atzo partida jokatu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 12a, 11:30
Arteaga II.a, 2017ko Promozio mailako binakako txapelketako partidan.

Lasarte-Oriako pilotariak promozio mailako buruz burukotik min du bere ezkerreko eskuan eta gutxienez aste betez atseden hartzea erabaki du. Horregatik atzo Alberdi-Salaverri II.aren aurkako partidan Bakaikoak jokatu zuen Elizegitekin batera

“Lau eta erdiko txapelketan eramangarria zen mina. Bikotetako txapelketako lehen partidan, ordea, mina handitu zen eta txapelketa hasi berri dagoenez, atseden hartzea erabaki dut”, adierazi digu Axier Arteaga pilotariak. Bere lekua Baikaikoak hartu du aste honetako partidan.

Bikotetako txapelketako lehen fase hau osatzeko garai onena dela uste du herritarrak. “Minarekin jarraituz gero, ezingo nuke nire maila eman. Lehenengo partidetako puntuak garrantzitsuak dira, baita pixkanaka txapelketan gora egitea ere. Minez eta gaizki  hastea, oker”.

Arteaga IIak aste bete edo bi asteko gauza izatea espero du herritarrak. “Ondo sendatu eta ahalik eta baldintza onenetan itzuli nahi dut. “Asteburu honetan ez bada, hurrengorako prest egotea espero dut”.

Final laurdenak helburu

Promozio mailako eskuz binakako txapelketan Elizegi gaztea du bikote. “Debuta egin duen azkena da; pilotari gaztea da. Lehen partidan oso txukun jokatu eta maila eman zuen. Ni laguntzen saiatu nintzen. Ea bikote bezala bat egiten dugun eta final laurdenetako ligaxkan egon gaitezkeen,” adierazi du herritarrak.

Txapelketako lehen partida ez zen nahi bezala joan, 17-22, galdu zuen bikoteak eta eskuko minak partida baldintzatu zuela argi du Arteaga IIak. “Partida hasiera ona izan genuen eta partida erdira arte txukun jokatu genuen. Gero nire eskuetako mina medio, pilota gehiegi oparitu genuen. Eta hori da konpondu behar dugu”.

Bikotearen helburua sailkapen fase honetako lehen seien artean sartzea da, baita final laurden horretara “joko bolada onenean” iristea ere.