COVID-19

COVID-19aren aurkako txertoa Atsobakar egoitzara iritsi da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 11a, 13:45

Remedios Rueda izan da COVID-19aren aurkako txertoa jaso duen egoiliarretako bat. Argazkia: Atsobakar egoitza.

Abendu bukaeratik hona, Atsobakar egoitzako egoiliar eta langile ugarik COVID-19aren aurkako txertoaren dosiak jaso dituzte; momentuz, 80 pertsonak. Iragan asteko larunbatean joan ziren Osakidetzako beharginak egoitzara, bigarrenez, txerto gehiago jartzera. Albisteari atxiki dizkiogun argazkiak Atsobakarreko langileek bidali dizkigute.

Hiru aste barru, orain arte txertoa jaso duten pertsonek bigarren dosi bat jasoko dute. Lehen txandakoei (urtarrilaren 2an izan zen, larunbatarekin), 23an jarriko diete bigarren txertoa; iragan larunbatekoei (hilak 9), berriz, urtarril amaieran. 

Atsobakar egoitzako zuzendaritzak zehaztu duenez, txertaketa prozesua "ongi" doa eta inork ez du pairatu "erreakzio bortitzik". "Egoiliarren bati gorputzeko tenperatura igo zaio, baina dezima gutxi batzuk izan dira, ezer arrarorik ez".