Dozenaka lasarteoriatarrek elkarbizitzarako pausoak eman dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 9a, 18:17

Bilbon egin ohi duten manifestazioa 200dik gora udalerritan burutu dute aurten, pandemiaren ondorioz. Lasarte-Orian hirurehun bat lagunek parte hartu dute Bidea gara lelopean presoen eta iheslarien eskubideen alde egindako mobilizazioan. Hasi aurretik mosaikoa osatu dute Okendo plazan, aterkiekin gezi bat irudikatuta.

Bidea gara lelopean dozenaka herritar irten dira kalera gaur arratsaldean. Hitzordua 17:30ean zuten Okendo plazan eta gunea gutxika betetzen joan da. Banatutako pegatinak soinean jarri eta lurrean utzitako aterkien atzean kokatzen joan dira, Joxe Mari Agirretxek emandako jarraibideei segika.

Manifestazioa hasi aurretik Itziar Arteagak irakurri du idatzi bateratua, deialdiarekin bat egin duten 238 udalerrietan zabaldu den berbera.  Sare Herritarrak dituen bost urteotan askotariko norbanakoak batzeko gai izan direla nabarmendu dute, "norbere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berberaren baitan. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea". Aurrerapauso ugari eman badituzte ere, egiteko beste urrats asko dituzte "sufrimendua sortzen duen egoera aldatzeko", hala nola, salbuespeneko espetxe politikarekin nahiz urruntze politikarekin amaitu, larriki gaixo diren presoak espetxetik atera eta gradu progresioa bermatu.

Ildo beretik, azken hilabeteotan hartutako zenbait neurrik "itxaropen bide berriak" zabaldu dituztela uste dute. Frantzian, Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasunak fiskaltzaren "blokeo jarrera hautsi" du, eta Espainian, presoen lekualdatzeek eta gerturatzeek ere jarrera aldaketa erakusten dute. Besteak beste, abendu amaieran Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak jakinarazi zuten Jabi Gallaga  Cordobako espetxetik Darocara (Zaragoza) lekualdatuko duela.

Aurrera egiteko eskaerak

Gaurko abagunea baliatu du Sarek aurrera begira elkarbizitzarako bide horretan jorratu nahi dituen sei "oinarrizko eskari" adierazteko ere:

  1. Euskal presoen Euskal Herriratzea, urruntze politikarekin behingoz amaitu eta senideen zigor erantsia eten dadin.
  2. Euskal preso guztiei gradu progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten
  3. Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfiantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko. 
  4. Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz. 
  5. Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola, preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea. 
  6. Kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginez. 

Irakurketa amaituta, bota duen elur busti apurretik babesteko zabaldutako aterkiak itxi, eta lurrean zeudenak ireki dituzte. Zuriek inguratutako gorriekin, gezi bat osatu dute. Argazkiak egin, Zigor Iriondok bertso bat bota, eta orduan bai, mobilizazioari ekin diote.

Pankarta atzean hiru ilara osatuta egin dute ibilbidea. Kale Nagusitik Zumaburuko elizara joan-etorria egin ondoren, Tajamarreko biribilgunea inguratu eta kultur etxe ondoraino joan dira, Geltoki kaletik plazara itzuli aurretik. Han, eskerrak eman dizkie Agirretxek bertaratutako guztiei eta Lierni Rekondok abestutako bi bertsoekin amaitu dute ekintza. 

Erlazionatuak