COVID-19

Hiru kutsatu berri erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 8a, 12:41

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezagutzera eman ditu ostegunean bildutako datuak. Koronabirusak eragindako hiru kutsatze atzeman dituzte herrian, eta horiek gehituta, urteko lehen astean 15 dira zenbatutakoak. 

Eguberrien atarian izandako neurrien lasaitzearen lehen eragina omen da azken egunetan izandako datuen okertzea, eta hirugarren olatuaren mehatxuak murrizketa berriak ekar ditzakeela diote adituek. Lasarte-Orian urtea amaitu zen egoera antzekoarekin hasi da. 2020ko hondarreko astean bederatzi kasu erregistratu zituzten Lasarte-Orian, 2021eko estreinakoan, aldiz, hamabost. 

Beterri-Buruntza eskualdean, beste hainbeste dira diagnostikatutako positiboak. Usurbil eta Urnieta bere horretan mantendu dira, Astigarragan  bi kasu atzeman dituzten, Hernanin eta Lasarte-Orian, hiru, eta Andoainen, 7. Azken herri honek du egoera kezkagarriena zazpi egunetan 48 positibo erregistratu baitituzte eta metatutako intzidentzia tasa 440tik gorakoa da, alegia, gune gorritik gertu jarraitzen du. 

Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo,  7.503 test diagnostiko egin zituzten, 5.020 PCR eta 2.483 antigeno proba,  eta, haietatik, 535 positiboak izan ziren. Hortaz, positibo tasa %7,1 da.  Herrialdeka banatuta, Gipuzkoan 170 kasu berri atzeman zituzten; Bizkaian, 283; Araban, 73; eta gainerako bederatziak erkidegotik kanpoko herritarrak dira. Ospitaleko egoerari dagokionez, COVID-19ak eragindako 46 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta 71 gaixo daude ZIUetan.