TXINTXARRI 2020

2020. urtekoak, orain arteko datu onenak web-orrian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 8a, 12:00

2020. urtea ez da emankorra izan alor askotan, baina bai Txintxarri aldizkariaren trafiko digitalaren datuei dagokienez: herritarrek atari digitalera egindako bisitak %30 igo dira, 2019koekin alderatuta. Urte berrirako apustua izango da webgunea indartzen jarraitzea.

Albiste on baino txar gehiago eman ditugu 2020an. Hasi berri dugun urtean ere hala izango den ala ez esateko oso goiz da oraindik, baina, tira, urte berriko aurreneko aldizkariko kontrazalera dakarkigun hau ezin hobea dela esan dezakegu, Txintxarri egiten dugunontzat behintzat: www.txintxarri.eus atari digitalaren trafikoa nabarmen handitu zen iaz, 2019ko datuekin alderatuta. Bereziki pozten gaitu horrek, duela urte batzuk egin genuelako apurka-apurka aldizkariaren bertsio digitala indartzeko apustua.  Lanean segitzeko sekulako bultzada ematen digu.

2020. urtean 306.253 bisita jaso dituzte guk sortutako edukiek, 2019an baino %30 gehiago –214.255 izan ziren urte horretan–. Bukatu berri den urtean erabiltzaile gehiagok nabigatu dute www.txintxarri.eus atari digitalean, 49.602 pertsonak, eta horietatik 47.976 berriak izan dira. Saio gehiago hasi dituzte, 128.099 –2019an 81.096 izan ziren; %37 gutxiago–, eta luzeagoak izan dira, bi minutu eta 33 segundokoak, batez beste –02.28koak izan ziren 2019an–. Erabiltzaileko saio gehiago hasi dira 2020an, 2,58, baina saioko orri gutxiago bisitatu dira 2019an baino, 2,39 –duela bi urte, berriz, 2,64–. Azken adierazle horretan izan ezik, beste guztietan hobetu ditugu datuak, eta zuri esker izan da hori, irakurle. Mila esker konfiantzagatik.

Datuak 2019 2020
Bisitak 214.255 306.253
Erabiltzaileak 32.962 49.602
Erabiltzaile berriak 32.032 47.976
Saioak 81.096 128.099
Saioak erabiltzaileko 2,46 2,58
Saioen iraupena 2'28'' 2'33''
Orrialde ikusiak saioko 2,64 2,39

Esan dugu 2020an 306.253 bisita jaso dituztela www.txintxarri.eus atarira igo ditugun edukiek. Hilabeteko batez bestekoa atera dugu, eta honako hau da zifra: 25.521. 2019koa, berriz, 17.854. Ia 8.000 bisitako aldea. Logikoki, aipatutako batez besteko horretatik goitik daude zenbait hilabete, eta behetik beste batzuk. Azpimarratzekoak dira iazko martxo eta apirilekoak, orduan lortu baikenituen orain arteko datu onenak bisitei dagokienez: 40.897 eta 40.944, hurrenez hurren. Dakizuenez, martxo erdialdean Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean eta COVID-19a guztiz ezezaguna zenean, paperezko edizioa etetea erabaki genuen gure langileen osasuna bermatze aldera. Horrekin batera, funtsezkoa ikusi genuen gure web-orriari bultzada indartsuago bat ematea, une horretako egoera ziurgabearen aurrean ahalik eta informazio kalitatezkoena eskaintzeko eta gure irakurleen informazio-egarria asetzen saiatzeko. Bistan da egindako ahaleginak fruituak eman dituela.

2020ko eduki irakurrienak 

Joan den urteko eduki irakurrienen artean, gehienek dute COVID-19arekin zerikusia. Batzuek zuzenagoa, pandemiaren berri emateko sortu genuen kanal bereziak bezala, eta zeharkakoagoa besteek. Eduki irakurriena (entzunena, kasu honetan), esate baterako, Lierni Rekondo zutabegileak itxialdi betean prestatu zuen zutabea, bertso formatuan: Dena amaitzen denean. Hausnartzekoa, eta, batez ere, gozatzekoa. Hamar irakurrienetako eta ikusienetako bat izan da baita ere Maialen Aristegi Letamendia kantautore gazteak eskainitako kontzertua eta elkarrizketa, konfinamendu hertsienaren garaian hori ere, edo alarma egoera ezarri eta astebetera Xumelakidz taldeak iragarri zuen kantujira birtuala. Albiste honi gehitu diogun zatiduran kontsulta ditzakezue hamar horiek.

Albiste, artikulu, kronika, argazki galeria, elkarrizketa edo erreportaje, lanean jarraituko dugu 2021. urtean Lasarte-Oriari buruzko informazioa euskaraz eta gertutasunez jaso dezazuen. Gero eta gehiago gara!