Izaskun Heras Prado saria irabazi du Izar Agirretxe Iradik

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 8a, 08:49

Euskal Herriko Unibertsitateko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak antolatzen duen IV. Izaskun Heras Prado Saria irabazi du lasarteoriatarrak. Gaitasun ezberdinak dituzten ikasleen parte hartzea bermatzea izan da lanaren helburuetako bat.

Gorputz adierazpena testuinguru inklusiboak sortzeko tresna gisa izenburua duen master amaierako lana egin du Izar Agirretxe Iradi herritarrak, eta egindako lanak jaso berri du aitortza bat: Euskal Herriko Unibertsitatearen IV. Izaskun Heras Prado Saria. EHUren Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak antolatzen du eta lehenengo saria jaso du lasarteoriatarraren lanak. EHUko ikasleen artean kultura inklusiboa zabaltzea, eta gizartearen sentsibilizazioan laguntzea du helburu sariak, eta, hain zuzen ere, gorputz adierazpenak testuinguru inklusiboak sortzeko eskaintzen dituen aukerak zeintzuk diren aztertu ditu master amaierako lanean. 

Joan den ikasturte amaieran egin zuen master amaierako lana Agirretxek, Irakaskuntzako Masterra gauzatzen ari zela, eta ikasketa prozesuaren praktikak egitera joan zen eskola batera. Bertan, gaitasun eta behar ezberdinak zituzten ikasleekin topo egin, eta ikasleak irakasleak proposatutako testuingurura egokitu beharrean, testuinguruak ikasleen beharretara, "klaseko errealitatera" egokitzeko ahalegina egin zuen. Bertako ikasle guztien parte-hartzea bermatzea zen lanaren helburuetako bat. 

Agirretxerentzat beharrezkoa da "hezkuntza aukera berdintasunaren eta parekidetasunaren printzipioetan oinarritzeaz gain, aniztasuna aberastasun modura ulertzea". 

Irakaslearen proposamena

Master Amaierako lanean Esther Uria Iriarte irakasleak egin zizkion tutore lanak, eta hark proposatu zion sarian parte hartzea. Agirretxek azaldu du ordura arte ez zuela Izaskun Heras Pradoren berri, baina bere berri izan zuenean, "pertsona eredugarria" iruditu zitzaion. 

Inklusioa bultzatzen dute gisa horretako sariak existitzea "garrantzitsua" da lasarteoriatarrarentzat: "Guztiontzat beharko lukeen mundua eraikitze bidean inklusioaren gaia sozializatzen eta ikustarazten laguntzen dutelako".