NEURE KABUZ

Amets

Gorka Lasa 2021ko urt. 8a, 08:45

Leihotik begira geratu da, aho-zabalik, txundituta, itsasoaren kolorea duten begiekin elur zuriari begira. Zuri-zuri esnatu dira gaur kaleak, parkeak, belazeak, mendiak … Urtarrileko egunsenti aratza bezain berezia gaurkoa.

Ez du lanera joan beharrik, jai-eguna baita; beraz, gaur ez du zortzi orduz musukoa jarrita ibili beharrik izango ditxosozko birusa saihesteko. Txerto(ar)ekin asmatuko ahal dute! Gai horrek sortzen dizkion zalantzak uxatzen saiatzen da.

Leiho aurrean bira egin, eta salarantz abiatzen da, han utzi baititu bart oinetakoak gabonetako zuhaitzaren azpian. Makurtzean, begietan eta ezpainetan une berean agertu zaio irribarre samurra, haurtzarora daraman ikuspegiagatik: koloretako paperean bildutako opariek gordetzen dituzten ametsak beteko ote diren itxaropena sentiarazi diote.

Opari horietan honakoak aurkitu nahi ditu: lurra eta itsasoa kutsatuko ez dituzten ontziak, adibidez, mundu garbiagoa eta jasangarriagoa utzi nahi baitie ondoren datozenei; liburu, disko, kontzertu, zinema nahiz antzerkirako sarreraren bat, ezinbesteko iruditzen baitzaio kulturak eskaintzen duen adierazpenaz norbera aberastea, eta aldi berean, gozatzea; eta, azkenik, urtero uzten dioten galtzerdi parea.

Baina bere oparia zabaltzean, irribarrea zabaldu egin zaio, esku artean baitu amak trikotatutako bufanda, hark esaten duen legez, mundu honen gaitzetatik babesteko.